Hitzaldia 19:00etan hasiko da La Bolsa udaltegian. Hizlari arituko dira Nieves San Emeterio (Bilboko deportatu baten ama), Eugenio Etxebeste Antton (deportatu ohia) eta Iñaki Egaña (liburuaren egilea eta Euskal Memoriako presidentea).
Gure herriak ondo baino hobeto ezagutu du erbestea zer den azken mende bietan. XIX. mendean karlistadek eragin zuten milaka lagunen ihesa, batez ere Amerikarako bidean. XX. mendean, ostera, 1936ko estatu kolpeak milaka lagun eraman zituen erbestera, errepresioaren beldur. Ondoren diktadura frankista etorri zen eta, jarraian, etenik gabe, monarkia, gaur arte. Aro bi horietan ere milaka lagun iheslari bilakatu dira.
Liburua Iñaki Egañak idatzi du. Historialaria eta Euskal Memoriako presidentea da. Batutako informazioa kontuan hartuta, kalkulatu du bitarte horretan (1936-2015) 170.000 lagun (emakume, gizon eta ume) atera zirela Euskal Herritik errepresiotik ihesi. Liburuko mila orrialdeetan barrena haien geografia aurkituko dugu, hasi Ipar Euskal herrian eta buka urruneko herrialdeetan, dela Afrikan, Amerikan edo Asian. Mota guztietako pertsonak eta pasarteak agertuko dira liburuan zehar: Jose Antonio Agirre lehendakaria, gerrako umeak, Jesus Galindez edo, garai hurbilagoetara etorrita, Afrika eta Ameriketako deportatuak, polizien eta heriotza-eskuadroien jazarpena edo Jon Anzaren hilketa.
Azken 50 urteotako erbestea da liburuan zabalera eta sakontasun gehiago daukan arloa, gaur egun ere euskal gizartearentzat ezezagunena delako eta hedabide handienek nahita desitxuratu egiten dutelako.