7Katu: bizi eredu alternatiboak eraikitzeko eskola

uriola.eus 2017ko urt. 26a, 16:11

Lehen aldiz espazioa okupatu zenetik hamar urte pasa direnean, "mila gauza" gertatu dira Solokoetxeko eskaileretako gaztetxean. Jendea aldatuz joan da, Bilbo aldatuz joan da, baita Alde Zaharra ere. Berdin mantendu dena "gaztetxearen esentzia" izan da. 

Bost urte zeraman lanean Alde Zaharreko Gazte Asanbladak Solokoetxeko eskaileretako espazio hutsa (aurretiaz Txokolanda taberna izandakoa) okupatu zenean, duela 10 urte, hain zuzen ere. Asanbladan lanean zebilen jendeak burutu zuen okupazio ekintza. Aurrera egin ahala belaunaldi berriek muturra sartu dute 7Katun. Hori da proiektuak "funtzionatzen duen erakusleetako bat", Iñaki 7Katuko kidearen iritziz. Belaunaldiz belaunaldi, gaztetxearen kudeaketa eskuz esku aldatuz joan da. 

7Katuri buruz hitz egiterakoan, sarri aipatu ohi dira izandako lau utzarazteak eta osteko bost okupazioak. Horiek ere aztergai izan dituzte aste honetako ekitaldietan. Zehazki, asteleheneko solasaldian gaztetxeko kide ohiek eta egungo kideek izan zuten topaketan. "Jabetu ginen utzarazteen garaian, gaztetxea gehiago egon zela bizirauteko borrokan murgilduta, eta nola hurrengo urteetan frogatu den balio duena proiektua bera dela, ez bakarrik bizirauteko borrokak edo utzarazte-okupazio dinamikak". Lehen urteetan hortaz, gehien bat, Udalarekin deman jardun ziren eta hurrengo urteetan lortu zuten "benetan gaztetxearen proiektua garatzea". Enfrentamendu dinamikatik behin irtenda.

Ordutik, gaztetxea Alde Zaharrerako "arnasgune" bilakatu da Marina 7Katuko kidearen arabera. Bai herri mugimenduko kolektiboei bai gazte taldeei "bizi eredu alternatiboak eraikitzeko aukera" eskaini die. Alde Zaharreko, Solokoetxeko, Santutxuko eta inguruetako gazte askorentzat "bizi eskola baten modukoa izan da", dio Marinak. "Harremanak eta bizitza eraikitzeko beste ikuspegi bat eman digulako, era kolektiboago batean oinarrituta".  

Urteurrenaren helburua da gaztetxean urte osoan egiten diren ekintza guztien laburpentxoa egitea. Astebetean gaztetxeak betetzen duen funtzioa eta lantzen dituen gaiak irudikatzea. Horregatik prestatu dute astebeteko egitaraua. Lehen zatia hitzaldi eta formakuntza saioetara bideratu dute eta bigarren zatia aisialdi eta jai girora. 

10. urteurrenak daukan "xarmagatik" belaunaldi desberdinekin konektatzea lortu dute egungo gazteek. 10. urtea izateak duen berezitasunagatik, edo, "piztu da aurreko belaunaldien nostalgia apur bat eta belaunaldi berrien ilusioa". Horrek eraman ditu urteurren handiago bat antolatzera. "Sortzen joan den kontua izan da". 

Beraz, gaurtik aurrera jai giroa nagusituko da 7Katun. Bihar umeen jolasak eta ginkana antolatu dituzte auzoan zehar, "auzo izaera indartzeko". Larunbatean egun osoa emango dute kalean, Zumarraga plazan, hainbat lagun eta gonbidaturekin. Bukatzeko, igandean, urtero antolatu ohi duten bertso-saioarekin emango diote amaiera urteurren aste borobilari. 

 

Egitaraua

Urtarrilak 26, osteguna

- 20:00. Kontzertuak: Gari eta Koban.

Urtarrilak 27, ostirala

- 17:00. Plaza Barrian umeen jolasak.

- 18:30. Gazte ginkana.

- 21:00. Kontzertuak: Skabidean; Euskatalites; eta K-Billy (Boppers DJ).

Urtarrilak 28, larunbata. Zumarraga Plazan (Solokoetxe)

- 12:00. Irrien Lagunekin kantu eta dantza.

- 13:30. Argazki erraldoia (Gaztetxearen plazan).

- 14:30. Herri bazkaria: paella erraldoia. Ondoren bazkalostea patxadaz musikatua. 

- 17:00. Fabe de Fuka elektrotxaranga.

- 19:00. Kontzertuak: Egurra eta Kitto; Tremenda Jauria; eta Bad Sound System. Gonbidatuak: La Basu, Aneguria eta Fermin Muguruza.

Urtarrilak 29, igandea

- 18:30. Bertso saioa Oihana Bartra, Maialen Lujanbio, Agin Laburu eta Igor Elortzarekin.

 

[2017-01-23] Gaur hasi eta hilaren 29ra arte ospatuko dute 7Katu Gaztetxearen 10. urteurrena

[2017-01-16] Marruka eta miauka 7Katu gaztetxeak 10 urte bete ditu