Lehen urtea beteta, indartzea eta zabaltzea du erronka Adaxka elkarteak aurrera begira

uriola.eus 2017ko eka. 2a, 13:00

Gaur urtebete zabaldu zituen estrainekoz bere ateak Adaxka kultur elkarteak. Igandera arte hainbat ekitaldi antolatu dituzte elkartekideentzat eta auzotarrentzat lehen urteurrena ospatzeko. 

"Pozik" daude Adaxka kultur elkarteko lagunak lehen urteko balantzearekin. Gaur, ekainak 2, bete du lehen urtea zabalik Alde Zaharrean, bai Errondan bai Someran, izan ere bi kaleetatik sar daiteke bertara.

Tabernak "bizitza dauka", "jendea badabil", diote arduradunek. Umeak, gazteak, helduak, "publiko desberdina" erakartzea lortu dute Adaxkara. Somera kalea gune "potentea" baita urteko hilabate askotan. Beste batzutan ez hainbeste, eta horrelakoetan "eutsi beharra dago". 

Atzera begira, elkartea "korrika eta presaka" zabaldu zutela gogoan dute. Publikoari tabernako ateak zabalduta hasi ziren bazkideekin eta Alde Zaharreko auzokideekin batera, "prozesu parte-hartzaile baten bitartez, zer-nolako elkartea nahi genuen" definitzen. Gabonetan amaitu zuten prozesua eta, eta ondorio gisa etorri dira elkartean antolatu dituzten erakusketak, umeen txokoa, kontzertuak, hitzalditxoak eta mintzalagun taldea, besteak beste. 

Aurrera begira "geroz eta gauza gehiago" eskaintzea dute helburu, "jende berria erakartzeko". Finean, hasitako lana "indartzeko eta zabaltzeko". 

 

Urteurrena

Gaur gauean Adaxkako bazkideak afatzeko elkartuko dira. Bihar goizean Enaitz ipuin kontalaria arituko da kontu kontari (11:30) eta igandean DJ Aita Domeka (13:00-16:00) giroa berotzen.   

 

adaxka.org  

[2017-01-20] Aurkeztu dute Adaxka kultur elkartea

[2016-06-02] Adaxka kultura elkartea, Alde Zaharreko auzo bizitza indartzeko eta zabaltzeko