Indarkeria sexista

'Erasotzaileei aurre' lelopean mobilizaziora deitu du Bilboko Mugimendu Feministak

uriola.eus 2017ko eka. 8a, 12:15

Bilboko Mugimendu Feministak gaur arratsaldean mobilizaziora deitu du sexu erasoa leporatuta Ertzaintzak atxilotu duen EHUko ikasleak "gure artean lekurik ez duela" ozen esateko.

Aurreko astean Ertzaintzak EHUko ikasle bat atxilotu zuen ikaskide bati sexu erasoa egitea egotzita. Mugimendu feministak astelehenean, ekainaren 5ean, URIOLAn argitaratutako ekarpenean ikasle horrek azken hiru urteetako ibileran Leioako unibertsitateko zenbait ikaskidei egindako jazarpenak salatu zituen. Gaur arratsaldean Erasotzaileei aurre lelopean mobilizazioa egingo dute 20:00etan Zazpikaleetako Etxebarrieta plazatik abiatuta.

Adierazi dutenez, mobilizazioaren xedea hurrengoa da: "Lehenik eta behin, jakin dezan gure artean lekurik ez duela. Ez dugula gure klaseetan, gure auzoan, Bilbon ez inon orain arte bezala lasai ibiltzerik onartuko. Kasuaren berri izan dugu, bildu gara, ezagutu, babestu, antolatu eta batera borrokatzeko prest gaude". Horrekin batera, Leioako ikasleak, Santutxuko auzokideak eta Bilboko emakumeak batera erantzuteko eta borrokatzeko antolatu direla azaldu dute. Ildo berean, ikaslearenganako "nazka" adierazi dute eta orain beldurrik ez dutela, "asko gara".

 

[2017-06-05] Erasotzaileei aurre!