Euskal Museo Etnografikoak 100 urte bete ditu

uriola.eus 2017ko eka. 12a, 09:43
Argazkiak: Bilboko Euskal Museoa

1917ko ekainaren 11n, aho batez onartu zen Euskal Museo Etnografikoa sortzea, gaur egungo Bilboko Euskal Museoaren jatorria, "Euskal Herriaren ezaugarriekin lotuta dauden eta haren izaera osatzen duten objektuak biltzeko asmoz"Atzo, hilak 11, 100 urte geroago, Bilboko erakundeek ekitaldi batekin ospatu zuten gertakari hori.

Urteurrena ospatzeko, Euskal Museoak Erdi Aroko musika, dantza eta arropaz osatutako programa eskaini du, Basurtuko Beti Jai Alai dantza-taldeak ekitaldi honetarako berariaz sortutakoa. Aipatutako birsorkuntza prestatzeko, alde batetik, Iñaki Irigoienek Bizkaiko artxiboan egindako ikerketa baliatu da, eta, bestetik, Francisco Vazquez de Mendietaren (1556-1620) Fernando Katolikoa, Bizkaiko Foruen zina egiten eta Ezkontza Begoñan olio historizistetan irudikatutako ikonografia. Iruñeko Ensemble de Chirimias Miguel de Arrozpide taldeak jarri du musika; izan ere, talde horrek antzinako musika-melodiak berreskuratzen ditu.

Ekitaldian, gainera, omenaldia egin zaio Karmele Goñiri, 1980 eta 1997. urteen artean Euskal Museoaren zuzendari izandakoari. Etnografo eta euskaltzalea joan den asteazkenean hil zen, 91 urterekin, eta erakundeek une esanguratsu hau aprobetxatu nahi izan dute, Euskal Museoari, euskarari eta euskal kulturari eskaini dien arreta goraipatzeko.

Ekitaldia zabalik egon da jendearentzat, eta, horren bitartez, Euskal Museoak bere sorrerako helburuari eusteko egiten duen lana aitortu da: "Euskal Herriarekin lotutako guztia jaso eta hedatzea da aipatutako helburua", hain zuzen ere. Bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, eta Sorkunde Aiarza Euskal Museoaren koordinatzailea, Bilboko erakunde honek bere 100 urteko ibilbidean euskal kulturaren alde egin duen lana aintzatesteko.

Gaur egun, Bilboko Euskal Museoak hainbat erakusketa, hitzaldi, tailer edo ziklo eskaintzen ditu, "euskal kultura denongana heldu dadin".

www.euskal-museoa.org

[2017-06-08] Mende bateko etnografia lanaren ospakizuna