'Hamaika urte eta hau ez da amai(ka)tu' hasi da

uriola.eus 2018ko urt. 23a, 10:25

10. urteurrenean egin zuten argazkia

Zazpi Katu Gaztetxearen 11. urteurrenaren ospatukizunak hasi dira. Aste honetan, Alde Zaharreko Gaztetxean kontzertuak, bertso-saioak, jolasak eta antzerkiak antolatu dituzte.

7 Katu Gaztetxearen 11. urteurrenaren ospatukizunekin hasi dira. Arratsalde Alternatiboak abiatu ditu aste honetako ospakizunak. Egun guztietan hainbat ekintza antolatu dituzte, eta gaztetxera hurbiltzeko deialdia zabaldu dute.

Gaur, adibidez, mahai-ingurua prestatu dute eta emakumeak eta espazioak jorratuko dituzte. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta parte hartzea eskertuko dutela adierazi dute. 

Horrez gain, asteburua heldu aurretik, beste ekintza batzuk prestatu dituzte: antzerkiak, umeentzako jolasak, ginkana, dokumentalak eta kontzertuak. Ostegunean, berriz, kunbia dantzatzeko aukera egongo da Sonora Kilombo taldeak zuzenean eskainiko duen emanaldian. 

 

Asteburua, nola ez, jaiaren ardatza izango da, eta larunbatean zehar ospakizunekin ibiliko dira, eguerditik hasita. Buffle poteoa, herri bazkaria, dantza poteoa eta kontzertuak gaztetxean Chakka, Zazkel eta Dj Lolaren eskutik. Bazkaria izango da ordaindu beharreko bakarra. 7€ izango dira eta tiketak Adaxka eta Errondabide tabernetan egongo dira salgai.

Bukatzeko, igandean, bertsolariak izango dira protagonistak. Miren Amurizak, Amets Arzallusek, Igor Elortzak eta Nerea Ibarzabalek urteurrenari amaiera emango diote. Bien bitartean 7killo azoka egongo da Zazpi Katu gaztetxean aste osoan zehar.

 

[2018-01-09] 7 Katu Gaztetxeak bere 11. urteurrena ospatuko du