Euskaraldia

Euskaraldiaren erronka zabaltzen ari da

uriola.eus 2018ko mar. 22a, 13:59

Dinamika, ariketa, prozesua edota jolasa da Euskaraldia Hika Ateneoan batu diren lagunentzat. Hizkuntza ohiturak astintzea eta hizkuntza inertziak apurtzea xede duena. Betiere euskararen erabilerari bultzada emateko. 

Horretarako, epe bat finkatu dute, hamaika eguneko epea. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskaraldiko partaideek izena ematean hartuko duten konpromisoa bete beharko dute: egunerokoan izango dituzten elkarrizketetan euskara lehenestea. Helburua inguru abegikor eta goxoak sortzea baita, euskaldunak euskaraz egitean eroso sentitzeko. Ariketa pertsonala da eta, era berean, kolektiboa. 

Izan ere, euskaldunok tentsio linguistikoan bizi gara maiz. Egoera eta inguru askotan euskara erabiltzean ez gara eroso sentitzen, eta horregatik sarritan ez dugu erabiltzen. Euskararen ezagutzak azken urteetan gora egin duen bitartean, euskararen erabilera ez da neurri berean hazi. Erabileraren sustapenean jomuga jarrita dute azkenaldian euskalgintzak eta erakundeek. Asko izan dira bateko eta besteko ahaleginak eta ekimenak. Euskaraldiak denen arteko elkarlana du oinarrian eta tokiak tokiko egokitzapena eta zabalpena. Hiri, herri eta auzoetan sortu diren eta sortzen ari diren batzordeek dute Euskaraldiaren arrakastaren giltza. Lantalde irekiak dira eta arlo guztietara Euskaraldia zabaltzea dute xede. Ez da erronka makala.  

Bilbon, iazko urrian sortu zuten hainbat bilbotarrek Euskaraldia prestatzeko lantaldea. Orduan eman zuten lehen urratsa. Aurrerago, lau taldetan banatu ziren: talde eragilea, auzoak, sektoreak eta komunikazioa. Martxan dira taldeak jada, hazteko gogotsu. Hori dela eta, bilbotarrei parte hartzera eta auzoetako taldeetara hurbiltzera dei egin diete.

 

7Kaleak Euskaraz

Eider, Itsaso, Iñaki, Hirune, Aritz eta Julenek osatzen duten seikotea lagun talde bat baino gehiago izateko jaio zen 7Kaleak Euskaraz ekimena. Bilboko Zazpikaleetan "euskarari bultzada eman, euskaltzaleen saretzea eta norbanako, eragile, merkatari, tabernari edota auzoan bizi den pertsona orori, euskaraz bizitzeko bidean baliabideak jartzeko helburuarekin" batzen hasi ziren. 

Auzoko euskaltegietan, lantegietan, kalean... euskalgintzan aritu direnek ondotxo dakite urteetan zehar hainbat lan eta saiakera egon direla normalkuntza zein erabilera eta euskaltzaletasuna bultzatzeko bidean, eta, "ekarpena horiek ez direla ezerezean geratu". 

Euskaraldia "erronkatzat" jotzen dute, "aktibazio sozial erraldoitzat", eta taldearen helburuetan sakontzeko baliatu nahi dute, "gure taldea haunditzearekin batera".  

Apirileko bigarren astean, gonbidapena jasoko dute Zazpikaleetako auzotarrek Euskaraldiaren inguruko lehen batzarrean parte hartzeko. Bertan, metodologia parte-hartzaile baten bitartez, "auzoan eragiteko antolaketaz, lan-taldeez, finantziazioaz, lokal baten beharraz, formakuntza saioez, Ahobizi eta Belarriprestak lortzeko bideetaz..." hitz egingo dute. Bitartean, senide, lankide, auzokide eta lagunen artean "Euskaraldiaren sarea" handituko dute.