Alde Zaharreko Liher Aretxabaleta presoari ezarritako "bizi osoko zigorra" salatu dute

uriola.eus 2018ko api. 23a, 08:00

Auzitegi Gorenak aurretiaz Auzitegi Nazionalak Bilboko Liher Aretxabaletari ezarritako 535 urteko espetxe zigorra berretsi du. Epairen aurka, joan den ostiralean, 250 bat lagunek Kalerak Bilboko Alde Zaharrean deitutako mobilizazioan parte hartu zuten. 

"Bizi osoko zigor" bezala ulertzen du Auzitegi Gorenaren erabakia Bilboko Kalerak. Estatu espainolak euskal jendarteari berriro ere mezu "gordina" bidali diola irizten dio: "Euskal Herriaren etorkizuna eta herri gisa eraikitzeko dugun bake eta askatasunaren premia kartzela eta erbestean kateatu eta ito nahi du Estatuak, etsipena ereinez, irabazle eta galtzaileen eskeman tematuta, burujabetza proiektu galtzaile bezala irudikatzea da Estatuaren sakoneko helburua. Ez dute lortuko".

Aldiz, Bilboko Kaleraren esanetan, euskal preso politikoak eta iheslariak etxeratzeko ardura "Euskal Herrian eta euskaldun artean dagoela" berrestera baino ez dator mezua. Gatazka politikoaren ondorioekin amaitzeko, "akordioak hemen erdiestea ezinbestekoa dela baino ez du indartzen". Norabide horretan daude, beste eragile askoekin batera, "Ezker Abertzalearen esfortzuak eta ekarpenak".  

Joan den larunbatean, hilak 21, Kalerak, Bilboko kaleetan burututako manifestazio jendetsua "norabide hori edukiz bete, eta indartzera dator". 

Alde Zaharreko auzotar Liher Aretxabaletari eta Orozkoko Alaitz Aramendiri 2005ean furgoneta bonba bat Madrileko San Blas auzoan lehertaraztea egotzita, 535na urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak 2017an, joan den astean Auzitegi Gorenak berretsitako zigorra. Leherketaren ondorioz 45 lagun zauritu ziren. 

Aurretiaz, terrorismoagatik eta legez kanpoko arma jabetzagatik Frantzian kartzelaratu zituzten Aretxabaleta eta Aramendi. Aramendik bertan jarraitzen du preso. Aretxabaleta Frantziak aske utzi ostean, iazko uztailean atxilotu zuen Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra betetzeko.