Zazpikaleak identifikatuko duen irudi berria aukeratuko dute

uriola.eus 2018ko mai. 2a, 09:00

Hautatutako proposamenen erakusketa egingo da datozen 15 egunetan, Ibaiondoko eta Abandoko barrutietako udal-zentroetan. Bertan, herritarren botazioaren bidez eta epaimahai profesional baten balorazioaren bidez aukeratuko da irabazlea, eta 40.000 euroko saria jasoko du dirutan.

Datozen egunetan Bilboko biztanleek eta, bereziki, Bilboko Alde Zaharrekoek gure hiribilduaren bihotza eta jatorria den Casco Viejo-Zazpikaleak identifikatzeko nortasun bisual esanguratsu eta berri bat hautatzeko prozesuan hartuko dute parte. Guztira, hamalau proiektu aurkeztu dituzte diseinuaren, publizitatearen edo komunikazioaren munduko enpresa eta profesionalek, eta Balorazioko Batzorde Teknikoak hiru aukeratu ditu finalerako. Gizarte- eta erakunde-eragileak bildu dira batzordean.

Zazpikaleetako herritarrak, merkatariak, ostalariak eta Bilboko beste alde batzuetako herritarrak bezalako zuzeneko publikoak eta bisitariak, turistak, elkarteak, erakundeak eta abar bezalako zeharkako publikoak bildu nahi ditu irudi berean, Casco Viejo-Zazpikaleak delakoaren muina biltzen duen horretan, alegia. Horixe da Bilboko Udalak Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez otsailean antolatutako lehiaketaren azken xedea. Hain zuzen ere, bertako izatearen garrantzia eta sentimendua espazio berezi honen xede diren publikoei bere muin eta senaz jabearazteko bultzatu nahi da.

Proposamen irabazlea herritarren botazioaren bidez eta epaimahai profesional baten (artistak, diseinatzaileak, adituak...) balorazioaren bidez aukeratuko da. Herritarrak datozen egunetan joan ahal izango dira aurkeztutako proposamenak ikustera eta botoa ematera. NANa eta egiaztatzeko agiri bat aurkeztu beharko dute horretarako.

Hori horrela, proposamen finalistak honako udal-zentro hauetan egongo dira ikusgai herritarrek gogokoen dutena hauta dezaten: Ibaiondoko barrutian (Pilota kalea, 10) maiatzaren 2tik 9ra; Abandoko barrutian (behin-behienean dago Elcano kaleko 20-22 zenbakietako beheko solairuetan) maiatzaren 10etik 17ra. Hauxe izango da ordutegia: 09:30etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera.

Proiektu irabazlea ekainean emango da ezagutzera, eta 40.000 euroko sari ekonomikoa jasoko du.

A proiektua

Nabarmendu nahi ditugun balio horiek guztiak Bilbok dituenak dira. Eduki baditu, hain zuzen ere, Bilboko funtsa Casco Viejo-Zazpikaleetan dagoelako. Kontatzeko gauza asko ditugula kontuan izanda, ezaugarri horiek guztiak biltzen, azaltzen eta indartzen dituen kontzeptu bakarra behar dugu, mundu guztiak bere burua bertan islatuta ikus dezan. Hauxe da kontzeptu hori: BILBO FUNTSEAN”.

B proiektua

Gure proposamenaren abiapuntua topagunerako eta elkargunerako ideia da, bilbotarrarentzako bizikidetzarako espazio bat, bisitariarentzat bizipenen espazio ere badena. Goitik ikusita, biltzen duten auzoetatik, ezagut daitekeen “Bilboko bihotzaren” irudi adierazgarri bat dago, bertara joateko bideen elkargunea, alegia”.

C proiektua

Zubia konexio-mezua transmititzeko elementu ikoniko gisa erabiltzen da, eta adin zein kultura guztietako (hiribilduko kulturaren eta gizartearen nukleoa) pertsonen loturarako tokia da, eta zubiak hasiera-hasieratik bidea ematen dioten elementu arkitektonikoak dira. Casco Viejo-Zazpikaleak eremua hiriaren bihotza da eta Bilboko hiribilduaren hirigunea. Marka sortzerakoan diskurtso emozional bat bilatzea gailendu da, eta “nukleoa” nahiz “konexioa” kontzeptuak helarazten dituen ikusizko hurbileko identitate bat sortzen dute.