Euskaraldia

Euskaraldia prestatzeko lehen bileran parte hartzeko dei egin diete Zazpikaleetako auzotarrei

uriola.eus 2018ko mai. 15a, 09:00

Hizkuntza ohiturak astintzea eta hizkuntza inertziak apurtzea xede du Euskaraldiak, betiere egunerokoan euskararen erabilerari bultzada emateko. Joan den martxoan, Hika Ateneoan Euskaraldiaren aurkezpena egin ostean, gaur, Zazpikaleetako auzotarrek lehen bilera dute Euskaltzaindian Euskaraldia auzolanean prestatzeko. 

Eider, Itsaso, Iñaki, Hirune, Aritz eta Julenek 7Kaleak Euskaraz ekimena sortu zuten. Seikotea lagun talde bat baino gehiago izateko jaio zen. Bilboko Zazpikaleetan "euskarari bultzada eman, euskaltzaleen saretzea eta norbanako, eragile, merkatari, tabernari edota auzoan bizi den pertsona orori, euskaraz bizitzeko bidean baliabideak jartzeko helburuarekin" batzen hasi ziren. 

Auzoko euskaltegietan, lantegietan, kalean... euskalgintzan aritu direnek ondotxo dakite urteetan zehar hainbat lan eta saiakera egon direla normalkuntza zein erabilera eta euskaltzaletasuna bultzatzeko bidean, eta, "ekarpena horiek ez direla ezerezean geratu". 

Hamaika egunez, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan antolatu den Euskaraldia egitasmoa "erronkatzat" jotzen dute, "aktibazio sozial erraldoitzat", eta taldearen helburuetan sakontzeko baliatu nahi dute, "taldea haunditzearekin batera".  

Apirileko bigarren astean, gonbidapena jaso zuten Zazpikaleetako auzotarrek Euskaraldiaren inguruko lehen batzarrean parte hartzeko. Hika Ateneoan, "auzoan eragiteko antolaketaz, lan-taldeez, finantziazioaz, lokal baten beharraz, formakuntza saioez, Ahobizi eta Belarriprestak lortzeko bideetaz..." hitz egin zuten. Ekarpen eta iritzi asko ere batu zituzten bileran. Harrezkero, senide, lankide, auzokide eta lagunen artean "Euskaraldiaren sarea" handitzen jardun dute, Zazpikaleetako lantaldean. Gaur, maiatzak 15, sare horretako kide direni eta "Bilbon 365 egun euskaraz bizi nahi dutenei" Euskaltzaindian batzartzeko deia egin diete 19:00etan. Belarriak eta ahoak prestatzeko.