Zazpikaleen irudi berria

uriola.eus 2018ko eka. 20a, 09:22

Zazpikaleak adin eta kultura guztietako pertsonak batzeko eta uria sortu zenetik bere muina izan dela adierazteko, zubia erabili izanak nortasun bisual berria eskaintzei die.

Zazpikaleek ezaugarri bisual berria estreinatu dute. Epaimahaiak azaldu duenez "irmotasuna eta modernitatea" uztartzen dira proposamen irabazlean. Bozketarako sistema mistoa erabili da, hau da, herritarren partaidetza eta artistek, diseinatzaileek eta adituek osatutako epaimahaiaren irizpidea konbinatuta.

Bilboko Trupp agentzia izan da lehiaketaren irabazlea. 1985ean sortu zen komunikazio-konpainia moduan eta espezialista da publizitate eta komunikazio estrategikoan. Otsailean hamalau proiektu aurkeztu ziren lehiaketara, Zazpikaleen muina irudi bakarrean biltzeko asmoz.

Irudi berria hainbat eremu publikotan aplikatzeko da: uriko altzarietan (jarlekuak, paperontziak, kontainerrak, mutiloiak…); espazio fisiko jakinetan (umeen parkeak…); Zazpikaleetako eraikin berezietan eta etxebizitzen eraikinetan (metroaren geltokia, Erriberako Merkatua…); uriko seinaleetan (monumentuak, kaleak…) eta jarduerenetanmerchandisingean (katiluak, elastikoak, txapak…). Horrez gain, esparru pribatuan ere aplikatu ahal izango da; irudi berria erabili nahi da dendetan eta ostalaritzan (terrazak eta mahaitxoak, olanak, poltsak, edontziak, edontzi azpikoak, erakusleihoak…) banderatxoetan, Gabonetako argietan, sarietan…baita liburuxketan, espazio digitaletan edo ikus-entzunezkoetan ere, bestak beste.

Proposamen hau, eta beste irudi finalista biak, gizarteko eta instituzioetako eragileek osatutako Balorazio Batzorde Teknikoak aukeratu zituen aurrena eta ikusgai jarri, aukeratutako beste irudi biekin, maiatzaren 2tik 17ra bitartean Ibaiondo eta Abandoko udaltegietan, hurrenez hurren. 735 pertsonak eman zuten botoa euren lanik gustukoena aukeratzeko.