Onintza Irureta kazetariak “Berdea da more berria” liburua aurkeztu du Biran

uriola.eus 2019ko ots. 21a, 12:53

Greban 378 egun egon ziren Bizkaiko zahar etxeetako langileak dira liburuko protagonistak.

Onintza Irureta Azkune Argiako kazetariak “Berdea da more berria” liburua aurkeztu zuen atzo Bira gunean, hitzaurrearen egile Irantzu Varelarekin batera. Liburuak Bizkaiko zahar egoitzetako langileek 2016ko martxoan hasi zuten eta 378 egun iraun zituen greba du hizpide. Zortzi grebalariren testigantzak bildu ditu Iruretak ELA sindikatuko Manu Robles-Arangiz Institutuak eta Argia aldizkariak elkarlanean argitaratutako liburu honetan.

Iruretak 80ko hamarkadara egiten du salto lehen kapituluan. Garai hartako borroka sindikalekin lotuz, 2017an bukatu zen greba testuinguru historiko zehatzean kokatzen du. Era berean, greba honen berezitasuna aitortzen du, hasiera-hasieratik borroka feministaren barnean bildu zelako. Mugarria izan zen “zaintza erdigunean” jarri zuelako, autorearen iritziz. Varelak, bere aldetik, “langile borroka emakume feministaz betea” dagoela aldarrikatzen du hitzaurrean eta zaintza lana “sektore lotsagarriki prekarizatua” eta emakumeei esleitu izan zaiela salatzen du.

Greba bukatu eta gutxira, ELA sindikatuak ARGIA aldizkariari gertatutakoaren inguruan idazteko proposamena luzatu zion. Onintza Iruretari egokitu zitzaion betebeharra. Hasieran, 80ko hamarkadako ordezkari sindikalekin bildu zen, guztiak gizonak; ikerketan aurrera egin ahala, liburuaren zortzi protagonistekin jarri zuten kontaktuan, eta han hasi zen zatirik “interesgarriena”, autorearen hitzetan: greba bizi zutenekin elkarrizketatzea, alegia. Autoreak urtebete inguru hartu zuen ikertu eta idazteko, eta lan horren fruituak jada eskuragarri daude; liburua Argiaren webgunean eros daiteke, 14 euroan.

21 hilabete iraun zituen borroka luzea bosgarren hitzarmena sinatzean bukatu zen. Egun, ordea, gatazkak dihardu; Gipuzkoan, oraingoan. Hango zahar etxeetako langileak greban daude. Iruretak eta Varelak babesa adierazi zieten atzoko aurkezpenean.