Bilboko Alde Zaharreko taberna eta denda txikiak koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren ondorioak modu zuzenean pairatzen ari direla salatu du SOS Alde Zaharrak "el ayuntamiento nos deja morir, babestu auzoko merkatari eta tabernariak" lelopean egindako ekimenean.
Auzoko komertzio txikien artean, plataformak azaldu duenez, dagoeneko 12 dira honen ondorioz ateak berriz ireki ezin izango dituztenak eta aurreikuspenak egin ostean, oraindik beste saltoki batzuek ere haien ateak itxi beharko dituztela adierazi du. Horiek horrela orain arte erakunde publikoek iragarritako neurriek merkatari gehienen artean ziurgabetasuna eta asegabetasuna sortu dute.
"Maiatzaren 28ko Bilboko osoko bilkuran, ondorio ekonomikoak arintzeko, Udal Gobernuak planteatu zuen Aurrera Plana nahikoa izango zela itxierak ekarri dituen ondorio ekonomikoak arintzeko. Beraz, bonuak (noiz iritsiko diren ez dakigu), terrazen kopurua malgutzea, lizentzia berriak eskaintzea edota tasa batzuk murriztea bezalako neurriak baino ez dira proposatu. Baina ez da laguntzarik jasotzen establezimenduaren alokairu-ordainketa, fakturazioaren murrizketa edo genero-horniduragatiko gastua bezalako kasuetarako."
Beraz, merkatari eta ostalariek negozioa suspertzeko dituzten zailtasunak salatu dituzte ostiralean egindako ekimenean, horiek banaka eta modu indibidualean konpondu beharko dituztela argudiatu: "Beste behin ere, eta krisian gehien kolpatutako sektoreetako bat izanik, bakarrik gaude ziurgabetasunez betetako errealitate sozial baten aurrean."
Egoera horren aurrean, besteak beste, ostalaritza-establezimendu txikien premia larrienak ahalik eta lasterren aztertzea, osasun alarman sortutako gastuetarako zuzeneko diru-laguntzak ematea eta laguntzak guztiontzat izatea exijitu dute egoerak hobera egin dezan, baita Bilboko Udalak denda, tailer eta taberna txikietan oinarritutako ekonomiaren alde egitea auzoaren garapen eta ongizaterako.