Atxuri Eskolako Guraso Elkarteak kontzentrazioa egingo du gaur eskolako atarian

uriola.eus 2020ko abe. 21a, 12:12

Bilboko Udalak Atxuriko eskolako sarrera irteera orduetan trafikoa moztu dezan kontzentrazioa egingo dute gaur arratsaldeko 16:30ean eskolako atarian. 

Eskolako Guraso Elkarteak salatzen duenaren arabera, eskolako umeek urteak daramatzate autobusek eragiten duten arriskuarekin eskolara sartzen. Hori dela eta, ez dira gutxi izan azken hilabeteetan sarrera eta irteera orduetan autobusen trafikoa mozteko guraso elkarteak aurrera eramandako ekimenak. Gaur bertan, arratsaldeko 16:30ean kontzentrazioa deitu dute eskolako atarian. 

 

Eskolako guraso batek Twitterrean argitaratutako bideoan ikus daitekenez, jende asko pilatzen da Maestro Garcia Riveroko eskolaren atarian, sarrera zein irteera orduetan hain zuzen. Ezpaloi estuak eta autobusen zein tranbiaren trafikoak eskolara bertaratzen diren ume zein gurasoen segurtasuna arriskuan jartzen dutela azpimarratu dute, eta konponbide bezala, udaltzaingoa bertaratzeko eskaera edota une horretan trafikoa mozteko eskaera aurkeztu zuten Bilboko Udalean irailean. 

Egoerari aurre eginez eta Bilboko Udalak erantzun bat eman arte, eskolako gurasoak dira umeak segurtasun osoz eskolara sar daitezen errepidea mozten ari direnak, bideo honetan ikus daitekenez. 

 

Erantzun ezaren aurrean, gaur berriz ere elkarretaratzea egingo dute, eskolako umeen segurtasunaren alde.