Hijas de la Cruz eskolako langileek greba egingo dute ostegunean

uriola.eus 2021ko mar. 23a, 11:22

162 urteko ibilbidea duen Hijas de la Cruz ikastetxeak ikasturte amaieran ateak itxiko dituela adierazi zuen urtarrilaren hasieran. Bertako langileek greba eguna deitu dute martxoaren 25ean, lanpostuen defentsan eta ikastetxearen itxiera ekiditeko. 

Hijas de la Cruz ikastetxeko arduradunek urtarrilean adierazi zutenez, 2021eko abuztuaren 31n ikastetxea itxiko dute "azken urteetan eman den matrikulazioen beherakadagatik". Itxierak orotara 200 familia eta 41 langile kalean utziko dituela salatu du LAB sindikatuak eta konponbide bat bilatzeko asmoz, ikastetxea publifikatzeko prozesua abiatzea eskatu dute. 

Ikastetxeko hezkuntza komunitateak eskatuta, ostegunean itxieraren inguruko mozioa eztabaidatuko dute Bilboko Udalaren osoko bilkuran. Itxieraren alternatiba bezala ikastetxea publifikatzea proposatu du LAB sindikatuak, baita Bilboko EH Bilduk ere. Izan ere, "barrutiak gaur egun duen hezkuntza eskaintza publikoa oso murritza da, Mujika eta Atxuriko eskolak beteta baitaude". 

Itxieraren albistea heldu zenetik, hainbat agintari eta gizarte eragilerekin bildu da Hijas de la Cruz ikastetxeko hezkuntza komunitatea konponbide bat bilatzeko asmoz. Hala ere, hauen arabera, Hezkuntza Sailak, ikastetxeko kongregazioak eta Kristau Eskolak ez diete proposatutako alternatibari baiezkorik eman. Hori dela eta, itxieraren aurkako greba eguna deitu dute martxoaren 25ean. 11:30ean manifestazioa abiatuko dute San Anton elizatik Udaletxeraino, eta 12:30ean aurkeztutako mozioa bozkatu arte hainbat ekintza antolatu dituzte Udaletxe alboan dauden tingladoetan, irakurketa erraza tailerra eta munduko dantzak besteak beste.

 

EH Bilduren proposamena

Bilboko Alde Zaharreko eskaintza publikoa indartzea helburu, EH Bilduk Hijas de la Cruz ikastetxea erostea proposatu dio Hezkuntza Sailari, "eraikinari orain arte izan duen erabilera ematen jarraitu ahal izateko, betiere oinarri publiko eta euskaldunak izango dituen hezkuntza proiketu berritzaile eta erakargarri bat diseinatuz".