Astelehenean hasiko da Arrakala Auzokideon Etxearen aurkako prozesu judiziala

uriola.eus 2021ko urr. 1a, 11:08

AZET Etxebizitza Sindikatuaren egoitza soziala izateko, larrialdietarako etxebizitza bezala eta ASETU Herri biltegiko produktuak gordetzeko okupatu zuen sindikatuak Arrakala. Bilboko Udaltzaingoak maiatzaren 11n hustu zuen.

Apirilaren 17an AZET Etxebizitza Sindikatuak deitutako manifestazio baten ostean aurkeztu zuten Arrakala Auzokideon Etxea. Okupatutako espazioa Unamuno plazan zegoen eta “15 urtez hutsik egon eta gero hilabetez okupatuta egon arren, beste 15 urte hutsik egondako espazioa da”. Besteak beste, larrialdietarako etxebizitza bezala eta ASETU Herri Biltegiko produktuak gordetzeko erabili nahi zuten, sindikatuaren egoitza soziala izateaz gain.

Aste “mugitu” baten erdian hustu zuten Arrakala, izan ere, espazioa husteko “mehatxuaz” gain, Desokuparen etorrera eta sindikatuko kidea den Judithen etxegabetzea ere gauzatuko ziren egunotan. Era berean, Bilboko Udaltzaingoak Arrakala maiatzaren 11n hustu zuen arte, sindikatuak hainbatetan salatu zuen espazioaren inguruan areagotutako presentzia poliziala. Halaber, polizia sindikatuko kideei argazkiak ateratzen saiatu zela ere salatu zuten. 

4 hilabete beranduago hasiko da Arrakalaren aurkako prozesu judiziala eta sindikatuak epaituko dituzten kideei babesa helarazteko hainbat hitzordu deitu ditu datorren astean. Astelehenean Unamuno plazan goizeko 09:30ean egingo duten prentsaurrekoaren ostean, 11:00etan Buenos Aires kaleko epaitegietan elkarretaratzea abiatuko dute. Ostiralean, urriaren 8an, arratsaldeko 18:30ean manifestazioa deitu dute.

Ekainean sindikatuko kideak elkarrizketatu genituen eta esteka elkarrizketa esteka honetan irakur daiteke: AZET: "Etxebizitza arazoak emakume eta migratu aurpegia du"