Bilboko zigor arloko auzitegiak duela bi aste ospatutako epaiaren sententzia kaleratu du eta horretan Fatimaren absoluzioaren berri ematen da. Epaiak San Frantziskoko bizilagunari eman dio arrazoia eta ertzain bat zigortu du biktimen aurkako bi lesio delitu arinengatik.
Auzokide batek grabatu zuen eszena guztia eta funtsezkoa izan da Fátima eta Salmanentzat. 2020ko martxoan, konfinamendu garaian Ertzaintzak semea kaletik gelditu zuen eta ama bera babestera joan zenean, polizietako bat borrarekin jo zuen. Horrez gain, emakumea atxilotu eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzi zioten.
Bi urteko prozesu luze baten ostean, Fátima eta bere semea kargu barik geratu dira eta polizia-agentea izan da epaitua. Tribunalaren arabera, "neurriz kanpokoa" izan zen borraren erabilera atxiloketaren momentuan. 240 euroko isuna jaso du agenteak eta 105 euroko kalte ordaina emango behar dio gazteari, zauriengatik, eta beste 156,60 euro amari.
"Presio sozialari esker"
SOS Arrazakeria Bizkaiak sententziaren emaitza ospatu du. Epaitegiaren aurrean kontzentratu ziren kasua salatzeko eta asteazkenean lortutakoaren berri eman zuten. Hala ere, faltan bota dute sententziak ez jasotzea Fatimak eta haren seme Salmanek "jasan zuten bidegabekeria eta poliziaren arrazakeria larria".
Lortutakoa, kolektibo eta bizilagun askoren aldetik jasotako "presio sozialari eta babesari esker" izan dela azpimarratu dute eta mugimendu sozialak eskerrak eman dizkie kasua gertu-gertutik jarraitu dutenei. Polizia-geldialdi arrazistak, poliziaren basakeria eta hauen zigorgabetasunaren amaieraren alde borrokatzen jarraituko dutela adierazi du SOS Arrazakeria Bizkaiak komunikatu baten bidez.
Gertu-gertutik jarraitu duzue kasua, eta babesa eman diozue, poliziak lekukoei eraso egin dien arren.
— SOS Racismo Bizkaia (@sosracismobiz) March 30, 2022
Eskerrik asko!
Polizia-geldialdi arrazistei ez
Poliziaren basakeria gehiagorik ez.
Zigorgabetasun gehiagorik ez. pic.twitter.com/PoBkMR8ijh