Poliziaren indarkeria salatu dute epaitegiaren aurrean

Maite Txintxurreta Agirregabiria 2022ko mar. 16a, 12:50

2020ko martxoaren 29an, konfinamendu garaian, San Frantzisko kalean polizia agenteek emakume arrazializatu bat eta bere semea jazarri zituzten, auzokide batek grabatutako irudietan ikus daitekeen bezala. Bada, emakumeak epaiketa izan du gaur, eta SOS Arrazakeria taldeak deituta, hainbat pertsona bildu dira babesa erakusteko eta segurtasun indarren inpunitatea gaitzesteko.

“Poliziaren arrazakeria, pertsona migratzaile eta arrazializatuekiko kriminalizazio sistematikoa eta basakeria eta diskriminazio egintzen aurreko polizia-inpunitatea salatzeko bildu gara gaur hemen”, adierazi du SOS Arrazakeriaren izenean jardun duen Karen Brunelek. Izan ere, konfinamendu garaian bolo-bolo ibili zen gertakaria ez dute kasu isolatutzat jotzen; aldiz, egunerokoan gertatzen diren geldiketa arrazisten, bide publikoan gauzatzen diren katxeoen, erasoen eta antzekoen testuinguruan kokatzen dute: “Horregatik gaude gaur hemen Fatima [auzipetua] eta bere seme Salmanekin batera, esateko ez daudela bakarrik, beren mina geurea ere badela, eta 2020ko martxoaren 29an gertatutakoa ez dela ez ahanzturan, ez zigorgabetasunaren zulo beltzean eroriko”. Azpimarratu dute kasu honetan biktimak izan direla akusatuak, eta horretarako eskubiderik ez dagoela.

Bestalde, gertakarien egunean poliziaren jarduketa salatu eta grabatu zuten auzokideen elkartasuna goraipatu dute, eta eskerrak eman dizkiete: “Zuen kontzientzia bizia ezin dute isildu ez isunek, ez salaketa faltsuek”.