Irria eta poza berreskuratzeko asmoarekin maiatzaren 14an egingo den Kapela egun aurkeztu dute gaur Plaza berrian. Konpartsa ezberdinetako kideek bakoitza bere kapelarekin agertu dira egun hartako giroaren aurreikuspena emateko. Ioritz Varona konpartsen ordezkariak haien asmoa aurkeztu du: "Ekarpen ahalik eta handiena egin nahi dugu, azken bi urteotako egoera ilunari buelta emateko".
Otsailaren hasieran, 2022ko Aste Nagusia benetan "Nagusia" izango zela iragarri zuten eta horregatik Konpartsen helburua, hau betetzea da. Otsailean aratusteak ospatu zituzten eta bitartean beste hainbat ekintza ospatuko dituzte Aste Nagusia berotzen hasteko: Txosnaganeko mendi-martxa, San Juan gaua eta Konpartsakide Eguna.
"Aurtengoa ez da urte normala izan behar, Aste nagusia berreskuratuko dugun urtea baizik", adierazi dute Nerea Matutek eta Ioritz Varonak. Gogoa "bor-borka" dutela gogoratu dute eta Kapela eguna Marijaia berriz datorrela ospatzeko prestatu dutela azaldu dute. Maiatzaren 12an, zenbat egun falta diren gogoratuko dituen kontagailu handi bat jarriko dute martxan txupinera eta pregoilarien laguntzaz.
Egitaraua
Kapela eskuratzeko eta janzteko erraza delako eta "baziloia" eta "jai-girokoa" delako aukeratu dutela azaldu dute Varona eta Matute. Egitarau osoan zehar nagusituko den elementua izango da. Eguna 11:00etan hasiko da. Goiz osoan zehar ordu horretatik 14:00etara, kapela-azoka izango da Plaza Barrian; bertan txapelgintza tailerra egongo da 11:00etan eta Kapela lehiaketa 12:00etatik 13:00etara. Sariak ondoren banatuko dira. Ekintza horiek guztiak girotzeko, dantza-plaza izango da bitartean. Goizarekin amaitzeko kalejira batek fanfarrearekin Zazpi Kaleak girotuko ditu 14:00etatik aurrera. Arratsaldean, Kapela-poteo musikatua izango da Unamunotik eta amaitzeko, 19:30ean, kapeladun Bilbo Kantari berezia izango da, Bolsatik abiatuta.
Konpartsen ordezkariek gonbita luzatu diete bilbotar guztiei, kuadrilla edo familian Kapela jantzita joan daitezen: "hartu etxetik edukiko duzuen kapela, txapel edo txanoren bat, edo erosi aspaldi gogoan duzuen hori, eta anima zaitezte ospatzera Aste Nagusirako 100 egun bakarrik falta direla".