Liburu anarkistaren azokaren XVI. edizioa egingo da irailaren 10ean eta 11n

Bi urteren ostean, liburu libertarioaren topaketa Areatzara bueltatuko da asteburu honetan. Bi egunetan zehar, "sindikalismoa, desazkundea, generoa eta beste hainbat gai jorratuko dira", antolatzaileen arabera. Ohiko liburu postuez gain, hainbat gai jorratuko dira hitzaldien bitartez.

Bi eguneko programazioarekin bueltan da Liburu Anarkistaren Azoka. Bere XVI. edizioa egingo da Areatzan irailaren 10ean eta 11n, larunbatean eta igandean. Liburuen betiko postuak izango ditu eta hitzaldi eta kontzertuekin girotuko da asteburua. “Aspalditik ari ginen ekitaldia antolatzen, eta azkenean aurrera atera ahal izan dugu, pandemiaren murrizketa eta muga guztiak igarota”, adierazi du CNT sindikatuak. 

Larunbata, Sònia Turón, Anselmo Lorenzo Fundazioko presidentearen hitzaldiarekin hasiko da. Mujeres Libres aldizkariari buruz hitz egingo du 11:30ean. Argitalpen horrek, Fundazioak Emakume Askeen Federazioaren historia erreskatatzeko egindako lanari buruz hitz egiten du. Arratsaldean, 16:00etan, Endika Alabort ekonomialari eta ikertzailearen txanda izango da. Nuevo sindicalismo. Organización y estrategia sindical ante los nuevos escenarios laborales (Sindikalismo berria. Antolaketa eta estrategia sindikala lan-egoera berrien aurrean) argitalpenaren sarrera bat egingo du.

Carlos Taibok egingo du eguneko azken hitzaldia, 18:00etan. Desazkundeaz eta kolapsoaz hitz egingo du. Lehenengo gaia lantzen urteak daramatza eta kolapsoari buruzko bere lana gaztelaniazko erreferentzietako bat da. Eguna Kutxaratxasen kontzertuarekin amaituko da, 20:30ean.

Igandean bi hitzordu egongo dira goizez. Alde batetik, 11:30ean, Teresa Villaverdek Marta Brancas Escartín elkarrizketatuko du abortuaren aldeko borrokaren historiari buruz. Beste aldetik, 13:00etan, azokaren ekitaldiei amaiera emateko, Juan Carlos Pérez Cortés anarkismo erlazionalaz mintzatuko da. Bizitza-politika horren ikusgarritasunari buruzko ikuspegi, ikuspuntu, testuinguru historiko eta informazio praktiko ugari emango ditu.