“Gaurkotasunarekiko Topaketak” hilean behin egiten den zikloa da, hizpide dituen gaiak adituen ikuspegitik lantzen dituena. Biharko zikloan futbolaren munduan azkenaldian izandako gertaerak mahai gainean jarriko dira, kirol arloan berdintasunaren bidean egin diren aurrerapenak eta egungo erronkak aztertzea izango du xede ekitaldiak. Horretarako 37 urte eta erdi TVE-n kirol kazetaritzaren erreferente izan ondoren hilaren 5ean erretiratu den Paloma del Río izango da hizlari; aski ezaguna da eta bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso ditu: Kirol Merezimenduaren Errege Ordenaren Urrezko Domina eta aurkezle onenaren Ondas saria 2019an, besteak beste. Bere ibilbide luzeari esker, emakumea kirol munduan sartzeko izan diren (eta egun oraindik dauden) zailtasunak, ikusezintasuna, esparru profesionalean eskubide-berdintasunaren aldeko borroka eta beste hainbat gairen inguruan sakoneko gogoeta eskeiniko du bihar, Dani Alvarez eta Mikel Reparaz kazetariek gidatutako zikloan.
Bihar 19:00etan hasiko da hitzaldia Bidebarrietako Liburutegiko Areto Nagusian eta sarrera doakoa izango da. Ekitaldia etxetik jarraitzeko aukera ere izango da Bidebarrietako Kulturgunearen Youtube kanalean, streaming bitartez.