Txikiteoa baino tradizio bilbotarragorik (futbol zaletasunarekin batera, noski) ez da munduan, eta tradizioa bezain ikonikoa dugu txikito edalontzia bera. Bi edalontzi tradizional “de culo” emango zaizkie bihar ohitura hau bizirik mantentzen lagundu duten bi pertsona edo elkarteri. Aurtengo “ohorezko txikitoak” Dolores Redondo idazleari eta Boinas Elosegui-ri entregatuko dizkie Txikitero Artean elkarteak, haren liburuan txikiteroei ohore egiteagatik eta 165 urtez txikito-zaleen buruak ebabesteagatik, hurrenez-hurren.
Tradizioen gordailu
1997an hasi zen ospakizun hau, Marino Montero Gargantua Konpainiako errektorearen hitzetan: “txikiterismoaren baloreak; elkartasunean kaleko bizitza alaiatasunez gozatu eta funtsezko harreman zibiko hau gordetzen lagundu duten haiei” merezi duten esker ona emateko. Ohorezko txikitoa jasotzeaz gain, La Bolsa eraikinaren harrerako “Txikiteroen Mugarrian” (2,10 metroko aluminio anodizatuz eta haritz-egurrez eginiko monumentua) idatziko dira haien izenak.
Txapelaz jantziago
Zeremonia La Bolsa eraikinean izango da bihar 11:30etan. Antolatzaileek txapela eramatea erregutzen die hurbiltzeko asmoa dutenei, Festa Txikiteroko partaideak batzen dituen sinboloa izango delako.