Izarkom, duela 6 urte sortutako herrigintza proiektu bat da, telekomunikazio burujabetza helburu duena, hain zuzen ere. Hau da, herri batek edo gizarte batek, bere telekomunikazio zerbitzuak nola jaso nahi dituen erabaki eta lantzeko erakundea. Dagoeneko, 3.200 bazkidek osatzen duten irabazi asmorik gabeko kooperatiba integrala da; horien artean gehienak norbanakoak diren arren, 300 bat elkarte, enpresa eta udalek ere osatzen dute.
“Nazio Batuen Erakundeak dio interneterako konexioa izatea eskubide bat dela, eta horixe da, hain zuzen, helburuetako bat. Gaur egun, telemokunikazioak enpresa transnazional gutxi batzuen esku daude. Hala, Izarkom herri proiektua da, herrigintzan sortua” hala adierazi du Izarkomeko lehendakari den Amaia Ocak.
Egoitza Bilboko Goienkale kaleko 14. zenbakian dago kokatuta. Gaurko ekitaldiari dagokionez, Izarkomen orbitan dauden gonbidatuek parte hartuko dute 20:00etan hasiko den irekiera jaian: Ainara Maya idazlea, Unai Iturriaga bertsolaria, La Basu rap abeslaria, Unai Gaztelumendi marrazkilaria eta Ion Gurrutxaga musikaria.
Herritik herriarentzat sortutako proiektua
Urtzi Ugalde proiektuaren dinamizatzailearen arabera, gaur irekiko duten espazioan herritarrentzat eta elkarlanerako jarduera anitzak antolatuko dira. Alde horretatik, topagune bilakatzea nahi dute bai Izarkometik, edo kooperatiba osatzen duten bazkideengandik sortu daitezken ekimen eta proiektuak abiatzeko.
Bestalde, erakunde edo enpresentzako telekomunikazioen inguruko aholkularitza ere eskaintzen du. Horretaz gain, transnazionalen interesetik at dauden landa eremuetara ere sare komunitarioak hedatzen ditu beste eragile batzuekin elkarlanean. Gainera, euskarak, Izarkomeko bi langileek azpimarratu nahi duten bezala, berebiziko pisua du euren proiektuan.
Produktuari dagokionez, Internet konexioa modu ezberdinetan eskaintzen dute: zuntz bidez, irrati lotura bidez, edo 4G bidez. Telefono mugikor lineak eta telefono finko zerbitzua baita ere.
Dena den, irabazi asmorik gabeko kooperatiba den neurrian, herritarrengan ardura bat sortu nahi dute. Era horretan, erabiltzaile bakoitzari dituen beharraren araberako eskaintza egiten diete. “Arduratsuak izan behar gara saltzen dugun proiektuarekin” azpimarratu du Ugaldek.