Bilboko Askapena elkarteak Norma Morroniri buruzko dokumentalaren estreinaldia egingo du igandean Zirika espazioan, filmaren zuzendaria eta zenbait protagonistekin batera. Filmean 1994an Montevideon errepresio polizialaren ondorioz hildako bi kideren omenezko martxa azaltzen da, Norma Morroni, hildakoetako baten ama protagonista nagusi duela. 30 urte igaro dira gertakuzunetik, eta dokumentalak hiru hamarkada hauetan eginiko memoriaren aldeko lana eta borroka plazaratzen ditu.
Askapenak urtero antolatzen duen Brigada Internazionalistako hiru kide euskaldun agertzen dira dokumentalean, izan ere, Montevideoko gertakariek Euskal Herriko historiarekin lotura sendoa dute. 1994an Jesus Maria Goitia, Mikel Ibañez Oteiza eta Luis Lizarralde Etakideak Montevideoko espetxean preso zeuden, baina Espainiako gobernuak Uruguayekoarekin akordio bat egin zuen; preso euskaldunen Espainiara estraditazioa, Espainiar Estatuaren material polizialaren truk.
Akordioaren aurkako protestan, hiru presoak gose greban hasi ziren eta Montevideoko hiritarrak Filtro ospitalean kontzentrazioa egin zuten. Poliziak gogor egin zuen ekintzaren aurka, eta gertatu zen errepresio politiko eta sozialak Uruguayeko historian aztarnak utzi zituen. Bi pertsona hil ziren poliziaren errepresioaren ondorioz, Fernando Morroni, inguruan bizi zen gazte bat, eta Alberto Facal kazetaria.
Ordutik gaur egunera arte, 30 urtez, urtero antolatzen da martxa Uruguayen abuztuak 24an, non herritar eta eragile politiko multzo zabal batek hartzen duen parte. Euskal Herriarekin duen loturagatik, Euskal Herriko brigadistek ere parte hartu izan dute mobilizazioan.
Dokumentala igandean aurkeztuko da Bilbon, eta ondoren Euskal Herriko gainerako herrietara zabalduko da. Bilboko zita igandean, hilak 4, arratsaldeko 17:30etan izango da, Zirika espazioan (Errondabide kalea, 12)