Larunbatean Sevillara bertaratu ezin daitezkeen Athleticzaleek ere izango dute Koparen finala ikusteko aukera Bilboko Alde Zaharretik irteten beharrik gabe. Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak eta Plaza Berriko ostalariek sei metroko luzeera eta hiru metroko altuera izango duen pantaila erraldoia goratuko dute Plaza Berrian.
Luis Arbiol, Merkatarien Elkarteko zuzendariaren hitzetan “Plaza Berria bilbotarren areto nagusia da, eta ez dago hura baino toki hoberik finala ikusi eta giro onenean ospatzeko”. Pantaila Euskaltzaindiaren eraikinaren aldean jasoko da, ikusleak plaza guztian zehar zabal daitezen, bertaratzen direnek finala eroso ikusi dezaten eta plazatik sartu eta irteteko bide guztiak berma daitezen.
Azken asteetan Bilboko hiria zuri-gorriz jantzi da guztiz; hiriko eraikin, kale, zerbitzu eta saltoki guztiek egin dute bat sukar athleticzalearekin, eta ez dira atzean geratu Alde Zaharreko merkatariak ere. Arbiolek esan duenez “Athleticen sentipena bihotzez eta Alde Zaharreko bihotzean biziko dugu”; gainera, pantaila erraldoiaz gain Athletik Festa izango da Alde Zaharrean finala hasi aurretik eta ostean, zitaz ganoraz gozatzeko.