Barrakak Etxeberria parkera itzuliko dira aste honetan, ostiralean, hilak 9, 17:00etan irekiko dira eta irailak 1era arte egongo dira Etxeberria parkean, etxeko txikienen gozamenerako. Barraken inaugurazio ofiziala Aste Nagusiko txupinaren bezperan izango da, hilak 16an, Juan Mari Aburtoren eskutik.
Aurten ere, pasa den urtean bezala, 73 atrakzio baimendu ditu Udalak; haien artean helduentzako 11 barraka, haurrentzako 14, sei txurro denda, askotariko 17 etxola eta terrazadun lau taberna, baita ikuskizunak, trebetasun-makinak, ausazko jolasak eta baita zirkua ere.
Barrakak 17:00etan irekiko dira egunero, eta ixteko ordua daten arabera aldatuko da:
- Abuztuaren 17tik 24ra, 04:00etan itxiko dute (03:00etatik 04:00etara, soinurik gabe).
- Abuztuaren 11tik 15era eta hilaren 25 eta 26an, 01:00ean itxiko dute (00:00etatik, soinurik gabe).
- Abuztuaren 9, 10, 16, 30 eta 31ean, aurreikusita dago 02:00etan ixtea (00:00etatik, soinurik gabe).
- Abuztuaren 27, 28 eta 29an eta irailaren 1ean, 01:00ean itxiko dute (23:00etatik, soinurik gabe).
Etxeberria parkeko barraka-gunea ahalik eta inklusiboa izan dadin, zaratarik gabeko tarteak egongo dira egunero, autismoa duten pertsonek ere barraketan goza dezaten. Hilaren 18, 21 eta 23an 17:00etatik 20:00etara ez da musikarik edo bestelako hots ozenik egongo.
Zirkuari dagokionez, abuztuaren 9tik irailaren 1era egongo da irekita; joan den urtean bezala, parkea eta Zumalakarregi etorbidea lotzen dituen igogailutik hurbilen dagoen eremuan egongo da.