Doinu zaharrek busti dituzte Alde Zaharreko kaleak

uriola.eus 2024ko urr. 15a, 14:37

Pasa den urriaren 11n Bilbo Kantari Alde Zaharrera irten zen Txikitero egunean. Bertan hiritarren ahotsak entzuteaz gain, txistulariak, panderojoleak, gitarrak, eta beste hainbat instrumentu entzun izan ziren, giro ederra sortuz.

Arratsaldeko 19:00etan hasi ziren Plaza Berritik kantutegiko 108. kantarekin: Topa dagigun. Ohiko ibilbidea kontrara eginez, Unamuno plazara abiatu ziren. Bertan, klasikoak diren Txoria txori eta Euskal Herrian euskaraz ozen entzun zituzten bertan zeuden hiritarrek eta bertatik pasatzen ari zirenek. Begoñara igotzen diren eskaileretatik biribil handi eta polita ikusten zen.

Hurrengo parada: Zamudioko atea. Hemen denak ezagun: Gora ta gora beti, Boga, boga, eta Kattalin, beste batzuen artean. Jarraian Santiago Plazan Nula bizi hala kanta kanona gozagarria izan zen. 

Azkenik, ibilbidearen bukaera iritsi zen La Bolsan, eta betikolez, Pottokak eman zion amaiera urriko Bilbo Kantariri. Hala ere, Bilboko hiritarrak hain pozik zeudenez, Xalbadorren heriotzean eta Eperrak abestiek borobildu zuten Txikitero eguna. 

 

Bigarren larunbatak: hilabetero hitzordu berezia

2007an Txikitero egun batean elkartu ziren Erandio, Santutxu eta Deustuko taldeak kantuan ibiltzeko. Urte bereko San Tomas egunean, berriz ere batu ziren. Urte batzuen ondoren, 2011n, hilabetero ateratzea erabaki zuten, baita Aste Nagusian ere. Ordutik hona hilabetero hitzordu berezia dute hilabete bakoitzeko bigarren larunbatean. Bilbo Kantariko zuzendariak pozik esan duenez, “etortzea, kantuan ibiltzea, gozatzea, ondo pasatzea, lagunak egitea eta tragutxo bat edatea eztarria berotzeko” besterik ez da behar. Zuzendariak aitortu du “erantzuna nahiko polita” izaten dela.

Bilbo Kantari Bilboko Konpartsakekin batera egiten da, eta hilabete bakoitzean konpartsa bati dagokio gurdia izatea; hau da, liburuak saltzea, eta behar denean laguntza ematea.

Bizkaiko beste herri batzuetatik ere etortzen da jendea. “Ekitaldi polita, parte-hartzailea, eta xumea da, hemen ez da eskatzen ahots izugarri ederra edukitzea, baizik eta ondo pasatzeko eta elkarrekin kantuan ibiltzeko gogoak ekartzea”, azpimarratu du Bilbo Kantariko zuzendariak.