Goizeko 10:00etan abiatu zen izen-ematea Zamudioko Atarian. Eguraldia epel eta eguzkitsua izan zen, ezin hobea korrikalariak animatzeko. Denok batera, Lorek dantzan jarri gintuen beroketa lanetan, eta gure aldarriak oihukatu genituen: Korrika gabiltza, gure auzoa auzokideona izan dadin!
Zirkuitu urbanoan zehar ibili ginen bueltaka: batzuk kilometro eta erdi, beste batzuk lau eta erdi; eta kantoietatik tranpak egiten ibili zenik ere bazen. Bilboko udalak isuna jarri zigun martxoan gure kaleak erabili genituelako, eta agian, krosa egiteagatik ere berriz isunduko gaituzte. Baina balorazioa ezin hobea da: gure kaleak hartu genituen korrikalariekin, animatzen ibili zirenekin, ibilbidea markatu zuten petodun boluntario guztiekin, musikarekin eta dantzarekin.
Azken korrikalaria helmugaratzean, Txokolanda plazan elkartu ginen Pantx Recordsek girotutako bukaera-ekitaldian. Antolatzaileok eskerrak eman genizkien parte-hartzaileei eta bolondresei. Uxuek dinamizatutako sari banaketan tokiko produktuen dastaketa egin zen. Sariak zozketa bidez banatu ziren; izan ere, denok baikenuen argi zein izan zen irabazlea: auzoa 😉
Zaharrean Berri, Bilboko Ale Zaharreko Jai Batzordea