Lautan Hiru Antzerki-jaialdiaren VII. edizioa otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an izango da

uriola.eus 2025ko urt. 28a, 12:48

Jaialdia ostegunetan egingo da eta guztira 8 ikuskizun eskainiko dira. EHAZErekin batera antolatutako Ikusle-klubari ere eutsiko zaio. Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, antzerkilariei plaza berrietan aritzeko modua emanda.

Urtero bezala, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa suspertuko du Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zazpigarren edizioak, euskal antzerkilariei plaza berriak eskainiz beraien lanak erakuts ditzaten. Lau astez eta ostegunetan egingo da Lautan Hiru otsailaren 6an, 13an, 20an eta 27an. Guztira 8 ekitaldi eskainiko dira, formatu txikikoak; iraupenari eta muntaketari dagokionez, oro har, 20-40 minutuko piezak izango dira. Aurten ere sei agertokitan antzeztuko dira: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

Zazpigarren edizio honek lau estreinaldi izango ditu: XXII. Café Bar Bilbao-Tartean sarietako testu saridunarekin eginiko irakurketa dramatizatua; 2024ko Lautan Hiru laguntza eskuratu zuen Alferrak, tunanteak, maleanteak ikuskizuna; 7Katu gaztetxearekin batera egindako Errealitatearen harribitxiak pieza; eta Jokin Oregik zuzendutako Arima eta Bihotza (Lezoko Antzerki Testu Laburren II. Lehiaketan lehen saria).

Iaz antzerkiaren gorputza-gorputzaren antzerkia izan zuen ardatz jaialdiak. Aurten, berriz, gazteek egiten duten antzerkia izango du erdigunean, Gazte gara gazte eta ez dugu (zuen) antzerkia maite leloa baliatuz. Antzerki-jaialdia ikusteko, aurten ez da bonurik salduko. Beraz, sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira (emanaldi bakoitza 4 euro):

Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin (EHAZE) batera antolatutako Ikusle-klubari ere eutsiko zaio. Ikas Kluba 2022an antolatu zen estreinakoz, eta aurten ere hori errepikatuko da. Beraz, ikusleek antzerkilariekin hitz egiteko aukera izango dute jardunaldi bakoitzeko azken ikuskizuna amaitu ostean. Horrela, antzezleekin edo zuzendariekin berba egiteko aukera izango da, EHAZEko kideek gidatutako solasaldian.

Jaialdiak Bilboko Udalaren babesa du , eta urtero bezala, Euskaltzaindiak elkarlanean osatu du egitaraua, hain zuzen, Tartean antzerki konpainiarekin, BIRA Kulturgunearekin eta 7Katurekin batera. Euskaltzaindiaren egoitzan egin den agerpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak eskertu nahi izan du Bilboko Udalaren babesa eta laguntza, eta horrekin batera Zazpikaleetako kultur eragileekin izandako elkarlana nabarmendu du, “ezinbestekoa dena honelako egitasmoek arrakasta osoa izan dezaten”. “Antzerkilariei plaza berriak eskaintzeaz gain, Bilboko Zazpikaleetan euskal giroa zabaltzeaz gain, euskarazko antzezlanak ekoizten lagundu dugu, eta hori pozgarria da benetan”, gaineratu du.

Bestetik, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, Agenda 2030 eta Nazioarteko zinegotziak , arte eszenikoetan euskararen erabilera sustatzeaz gain, euskal nortasun kulturala indartu duela adierazi du: “Gainera, euskarazko antzerkiak euskal errealitatea esploratzeko eta adierazteko aukera ematen die antzerkigileei, hizkuntza publikoarekin konektatzeko tresna gisa erabiliz”.