Gazta Fest jaialdiak Alde Zaharra girotuko du ekainaren 6tik 15era

uriola.eus 2025ko eka. 5a, 10:33

Dastatzeak, nekazaritzako elikagaien azoka, pintxo lehiaketa eta Bilbo Hiria XX. Idiazabal Artzai Gaztaren Txapelketa… jarduerez gozatzeko aukera izango dute kontsumitzaileek eta gaztazaleek. Sektoreko azken joerak ezagutaraztea eta publiko zabalari hurbiltzea dute helburu, baita euskal landa-garapena ere.

Gazta Fest jaialdia ospatuko dute Alde Zaharrean ostiral honetatik, hilak 6, ekainaren 15era bitartean, Idiazabal gaztaren eta, zehazki, ardi latxaren esne gordinaz euskal artzainek zuzenean egindako gaztaren jaialdia. Jaialdiak hainbat ekitaldi hartzen ditu barne: dastatzeak, nekazaritzako elikagaien azoka, pintxo lehiaketa eta Bilbo Hiria XX. Idiazabal Artzai Gaztaren Txapelketa, Idiazabal denboraldiko lehena.

Ostiral honetan, beraz, hasiko da Gazta Fest, Idiazabal Gaztaren X. Pintxo Lehiaketarekin. Bertan, Alde Zaharreko 17 taberna eta jatetxek hartuko dute parte eta ekainaren 15era arte iraungo du. Horrela, pintxo klasiko eta berritzaileak dastatu ahal izango dira, eta gazta sorkuntza ugaritan integratuta egongo da.

Sukaldaritzako eta kritika gastronomikoko profesionalek osatutako epaimahai espezializatu batek pintxoak zaporearen, aurkezpenaren eta pintxoaren multzoaren edo orekaren arabera baloratuko ditu. Aldi berean, lehiaketa honek bezeroak ere inplikatuko ditu, eta horrek emango du sari herrikoia.

 

XX. Idiazabal Artzain Gazta Txapelketa

Jaialdiaren ekitaldietako bat Idiazabal Artzai Gaztaren Bilbo Hiriko Txapelketa da, aurten 20 urte betetzen dituena eta denboraldiko lehena. Txapelketa ekainaren 8an izango da, 11:00etan Plaza Berrian. Bertan, Idiazabal Jatorri Izendapenari atxikitako lau lurraldeetako (Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa) hogei bat ekoizlek parte hartuko dute. Dastekaren ondoren, lau sari banatuko dituzte: hiru artzain gazta onenei eta laugarren sari bat, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak emana, "Bizkaiko gaztarik onena" saritzeko.

Antolatzaileen arabera, Bilboko txapelketa artzain ekoizleek gehien maite dutenetako bat da, bere publikoarekin lehen hartu-emana baita. 

 

Nekazaritzako elikagaien azoka

Jaialdiarekin batera, jende guztiarentzako hainbat jarduera ere eskaintzen ira, gazta protagonista dela, besteak beste: nekazaritzako elikagaien azoka, Idiazabal gaztaren ekoizleen hogeita hamar bat posturekin. Baserritarrek Bizkaiko nekazaritzako produkturik onenak eskaintzen dituzte, hala nola frutak, barazkiak, hestebeteak, eztia edo ogia. Txakolina, kontserbak eta marmeladak ere izango dira, besteak beste.

Artzai Gaztako artzain-elaboratzaileek euren sorkuntza berrietako batzuk aurkezteko aprobetxatzen dute, ardi latxaren esne gordina erreferentziatzat hartuta: gazta urdinak, pasta biguneko gaztak, koagulazio laktiko ezberdinak, jogurtak…

 

Gaztara hurbiltzeko parada

Jaialdiak esperientzia “paregabea” eskaini nahi die gaztazaleei eta mota guztietako kontsumitzaileei. Horrela, gazta beste modu batean ezagutzeko aukera izango dute, bai dastatzeetan gazta desberdinak probatzeko, bai ardi latxetatik eratorritako esneki berriak ezagutzeko, bai artzainen bizimodua edo gaur egungo lan egiteko modua ezagutzeko.

Gazta Fest Bilboko Alde Zaharreko Denda, Ostalaritza eta Enpresen Elkarteak eta Artzai Gaztak, eta D.O.P. Idiazabalek antolatzen dute, Bilbao Ekintza eta BBK Fundazioarekin elkarlanean. Horrela, sektoreko azken joerak ezagutaraztea eta publiko zabalari hurbiltzea dute helburu, baita euskal landa-garapena ere.