Plazandreak txapelketa Alde Zaharreko Esperantza frontoira itzuliko da edizio berri batekin ekainaren 23tik uztailaren 21era. Txapelketak emakumezkoen pilotarik onenaren hiriburu bihurtuko du Bilbo. Gaur goizean egindako aurkezpenean Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak parte hartu du.
Plazandreak txapelketako saio guztiak Esperantza frontoian jokatuko dira. Jaialdi bakoitzean partida bi jokatuko dira, bata banakakoa, lau eta erdiaren barruan, eta bestea bikoteka. Parte hartzen duten pilotariak kontuan hartuta, oso txapelketa orekatua espero da batean zein bestean.
Bikoteka lehiatuko diren konbinazioak hauek izango dira: Arrizabalaga-Bergara, Ibarrola-Gaminde, Zabaleta-Mendizabal eta Arraiza-Capellá, bikote berritzaileak baina sendoak; kaiolan, berriz, Aldai, Arrillaga, Etxegarai eta Erasun neurtuko dira. ETBk emango ditu partidak.
"Euskal pilota herri-kirol estrategikoa da, gure kulturaren eta nortasunaren parte. Horregatik, Bilboko Udalean hori sustatzeko zenbait ekimen bultzatzen ditugu”, azpimarratu du Itxaso Errotetak. Horretaz aparte, pilota-eskola ere badutela adierazi du, Esperantza pilotalekuan finkatuta. “Andrazko kirolari profesionalei ikusgarritasuna emanez, erreferenteak sortzen ari gara gainerako gizartearentzat”, gaineratu du.