LPS HONI EZ! dinamika aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak onartu nahi duen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS) ezezkoa adierazteko eta honi aurre egiteko. Atzo, hilak 4, La Bolsa eraikinean egindako prentsaurrekoan, LPSaren onarpenak dakartzan ondorioak azaldu zituzten, baita dinamikaren nondik norakoak ere.
Dinamikaren ordezkariek adierazi dutenez, LPS hau onartu bezain pronto epaitegietara eramateko konpromiso irmoa hartu dute. Dinamikako kideen arabera, LPS honek eskala handiko parke eoliko eta fotovoltaikoen hedapen masiboa bultzatzen du, eta horrek mendi-gain eta landa eremuen suntsiketa ekarriko du. Nabarmendu dutenez, planak ez ditu herritarren ongizatea eta ingurumenaren babesa bermatzen, baizik eta energia berriztagarrien negozioarekin irabaziak lortzen dituzten enpresa handien interesak lehenesten ditu.
Dinamikako kideek gogorarazi dute lurraldearen antolaketak bi helburu nagusi izan beharko lituzkeela: Alde batetik, balio ekosistemiko, kultural eta sinboliko handiko eremuak babestea, eta, bestetik, guztion ongizate kolektiboa hobetzeko baldintzak sortzea.
Horren arabera, aurkeztutako LPSak kontrako norabidean egiten duela salatu dute, eta interes espekulatiboetan oinarritutako diseinu enpresarial baten ordez interes ekologiko eta sozialetan oinarritutako planifikazioa behar dela.
Gainera, LPSa aldaketa klimatikoaren aurkako neurri gisa aurkezten bada ere, planaren edukiek erakusten dute ez dagoela benetako borondaterik krisi ekologikoari eta klimatikoari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzeko. Azpimarratu dutenez, berriztagarrien hedapen masiboak ez du zalantzan jartzen gaur egungo kontsumo eredua, eta energiaren eskaera gero eta handiagoaren logikan kokatzen da.
Horregatik, LPS HONI EZ! dinamikaren bidez, LPS onartzear dagoen honi aurre egiteko eta herritarren interesak defendatzeko konpromisoa berretsi dute. Helburua argia da: plana auzitara eramatea eta auziaren salaketa kalera eramatea modu zabal eta bateratuan.
Dinamikaren osaera
Gaur gaurkoz, dinamika zenbait norbanakok eta hurrengo taldeek osatzen dutela jakinarazi dute:
Agrupación Electoral Ribera Baja Bizirik, AHTrik EZ Arabako Haranak, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Amasamendi Bizirik, Araba Bizirik, Arabako Errioxa Bizirik, Arabako Mendiak Aske, Argantzun Horrela Ez, Asociación Vecinal Larreineta Funicular (Trapaga), Barakaldo eolikorik ez, Barakaldo Naturala, Baserritar Bilgunea, Biharko Lautada, CGT Araba, Eguzki Talde Ekologista, Ekologistak Martxan, Enkarterri Bizirik, Enkarterrin Makroeolikorik Ez, Errezil Bizirik, Euskal Herria Bizirik, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, Horrela Ez Badaiotz, Horrela ez Valdegovia, Junta Administrativa de Arzubiaga, Junta Administrativa de Durana, Junta Administrativa de Margarita, Makatzak Arratiako Ekologista, Naturkon, Otsoaren Taldea, Proiektu Honi Ez (Arratzua-Ubarrundia), Sañu Bizirik, Sagarreta Natur Taldea, SOS Margarita, Uribeko mendiak Jagon (Sosollube), Urkabustaiz Babestuz, Urumeako Mendiak Bizirik, Zalla Bai eta Zuia Bidean
Dinamikako kideek adierazi dute parte hartu nahi duten eragile guztiek ateak zabalik dituztela. “Indarrak batuz soilik izango da posible neurri honetako erasoa gelditzea”, amaitu dute.