Basurtun egongo den Udaltzaingoaren komisaldegi berria egiteko lanak abiatuko ditu Udalak

uriola.eus 2016ko eka. 29a, 10:20

Basurtu auzoko bihotzean dagoen, gai sukoien eraikina berreskuratuko dute. Eraikina 1922koa da eta Sabino Arana etorbidean dago. Zati batean Bilboko Udaltzaingoaren komisaldegia egingo dute eta gainerakoa Basurtuko eta hiri osoaren elementu eragilea izango da. Lanak uztailaren bukaeran hasiko dira.

Eraikinaren egitura sendotuko da aurrena, udaltzainen egoitza egokitzeko. Tellagorri kaletik izango du sarrera; sotoaren ia 1.300 metro karratu eraberrituko dira eta beheko solairuko 500 metro karratu ere. Sotoko 500 metro karratuetan aldagelak, komunak, biltegiak eta beste instalazio batzuk egingo dituzte, eta 800 metro karratu aparkalekuetarako bideratuko dira. Beheko solairuan 500 metro karratu egokituko dira Udaltzaingoaren Ikuskaritzaren premietarako eta Udal ibilgailuentzako barruko patioa eraberrituko da. Funtzionaltasunaren eta irisgarritasunaren irizpideetan oinarrituta diseinatu da obra osoa.

Obrak hasi aurretik fatxadak sendotu, hormigoizko zutabeak indartu eta zimenduak berrituko dira. Gai sukoien eraikinaren egitura sendotzeko eta komisaria berria egokitzeko 2 milioi euro inguruko inbertsioa egingo daute.

Udaltzaingoa Abando eta Basurtu-Zorrotza barrutietan

Urteko egun guztietan, gau eta egun, zabalik egongo da komisaldegi berria salaketak jasotzeko eta herritarren segurtasunaren arloko kontsultei erantzuteko. Auzo hauetan egingo ditu patruilak eta eskainiko ditu zerbitzuak:

• 6. Barrutia. Abando: Abando eta Indautxu (51.361 biztanle).

• 8. Barrutia. Basurtu/Zorrotza: Basurtu, Olabeaga, Masustegi, Mintegitxueta, Altamira eta Zorrotza (31.942 biztanle).

• Guztira: 83.303 biztanle.

Komisaldegi berrian polizia-agintariak eta 130 agente egongo dira. Beharrezkoa denean beste auzoetako ikuskaritzen eta/edo trafiko, errefortzu taktiko eta polizia judizialeko ikuskaritzen laguntza izango dutelarik. 

Garellanoko komisaldegi nagusiaren ordez (Miribillan dago orain) egingo da Basurtukoa. Polizi egitura berrian aurreikusitako hedatze eta egokitze planaren amaiera izango da; betiere, prebentzioari, auzoetako oinezko patruilei eta herritarren premiei begira, auzo-poliziaren ereduarekin bat etorriz.

Espazioak eta banaketa

Tellagorri kaletik izango du sarrera komisaldegi berriak. Atarian sarrerako kontrola eta salaketetarako gunea egongo dira, bi langela, itxaron-gela eta komun publikoekin. Udal langileek bakarrik erabiltzeko gunea ere egongo da, banatzeko korridore batekin. Korridorearen lehenengo zatian gela txiki bat jarriko da transmisioetarako, zenbait tamainatako langelak, administrazio-bulegoa, bilera-gelak, zerbitzua asignatzeko gelak, atsedenerako gelak eta ekipo informatiko komunen gela.

Bestalde, garajeko sotora Novia Salcedo kaletik sartu beharko da. Han 3 biltegi, bi espazio diafano eta 20 autorentzako lekua egongo da; aldagelak ere bai. 

Kanpoko patioak Sabino Arana kaletik izango du sarrera eta 8 autorentzako aparkaleku itxia edukiko du. 

Gai sukoiaren eraikina

Alfonso Gil Lezama eta Pedro Ispizua Zuzunaga arkitektoek 1922an eraikitako eraikina da. Eraikin horretan gai sukoien biltegi zaharra zegoen. Gaur egun, udal tailer eta biltegi gisa erabiltzen da eta Sabino Arana etorbideko 50 zenbakian dago, Basurtu kaleko Novia Salcedo eta Tellagorri kaleekin izkina eginda.

Hormigoizko egitura du eraikinak, sotoa, solairu nagusia, lehenengo solairua, bertan ibiltzeko moduko estalki laua eta patio bi, bata barrukoa, metalezko egituraz estalia eta bestea kanpokoa. 

Eraikinak 5.500 metro karratuko azalera du eta hiriko ekipamendurako da. Inguruko elementu eragilea eta dinamizatzailea, dagoeneko Zankoetan dauden Basurtu auzoko hurbileko ekipamenduak osatuko dituena. Izan ere, hazten doan auzoa da, etorkizuna handikoa, auzotar berrien eskariei erantzun beharko diena, Garellanoko etxebizitza berrietan biziko diren 4.500 auzotar berrienak, besteak beste.