Garellanoko Geltoki Intermodalaren obrak udan hasiko dira

uriola.eus 2017ko eka. 30a, 13:29

Errepideko garraiorako Bilboko eta Bizkaiko Intermodala izango da. Bertan bilduko dira tranbia, aldirietako trenak, Bizkaibus, Bilbobus, Metro Bilbao, taxiak eta bestelako autobusak. Obrak 22 milioitik gorako kostua izango du eta 18 hilabete iraungo dute.

Bilboko Udalak udan hasiko ditu Garellanoko lurpeko geltoki intermodala egiteko obrak. Juan Mari Aburto alkateak Ricardo Barkala Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren zinegotziarekin batera geltokia, obra lurpean egiteak sortuko duen plazaren eta geltokiaren sarreran egingo den eta hirugarren sektoreko erabilera izango duen eraikinaren proiektua aurkeztu du gaur. Horrekin batera, azaldu dute zelakoa izango den konexio intermodala metroarekin eta trenarekin, eta merkataritza-gunea, kirolgunea, hotela eta ikasleentzako egoitza egongo direla. Proiektua gauzatzeko obrek 18 hilabete iraungo dute.

Garellanoko geltoki intermodala "funtsezkoa" izango da auzoaren eta uriaren bilakaerarako eta etorkizunerako. Errepideko garraiorako Bilboko eta Bizkaiko Intermodala izango da. Bertan bilduko dira tranbia, aldirietako trenak, Bizkaibus, Bilbobus, Metro Bilbao, taxiak eta bestelako autobusak. Gainera, trenbideko garraioko nodoa izango den Abandoko Geltoki Intermodalarekin osatuko da.

Lurpeko intermodala egiteko lanak udan hasiko dira eta 18 hilabete iraungo dute. Bestalde, sestragaineko eraikina egiteko gehieneko epea 48 hilabetekoa izango da, proiektua onartzen den egunean hasita. Lurpeko geltokiak aukera emango du autobus gutxiago egoteko kalean.

Sarbide optimizatua Gurtubay kaletik izango du eta autobusek bertatik egingo dituzte sarrera-irteerak. Horretarako, autobusen zirkulazioa Luis Briñasetik kendu egingo da, trafiko lokala bakarrik eduki dezan. Perez Galdos kaletik ere ez dute zirkulatuko autobusek, oinezkoentzat egokituko da.

Geltoki berriak gaur egun Termibusen dauden autobusak batu ez ezezik, bihar-etzi handiagotzeko aukera ere badu. Lurpeko geltoki intermodalak lehengo Termibusak baino nasa gehiago eta eraginkorragoak izango ditu asignazio-sistema berriari esker. Libre dauden nasak modu automatikoan asignatzeko sistema honekin eraginkortasuna %30 areagotuko da.

Finantziaketa

Proiektuaren oreka ekonomiko eta finantzarioa ziurtatzeko, Bilboko Udalak partzela bat eman zuen, geltokiaren eta aparkalekuaren 40 urterako ustiapenarekin, proiektua gauzatzeko bideragarritasuna ziurtatuz. Horrela, Udalaren aldeko 22 milioitik gorako inbertsioa sortzen da. Intermodala Udalaren titulartasunekoa izango da eta emakidaren 40 urteak iraganda Udalaren eskuetara itzuliko da.

Espazioaren antolaketa

Aurreikusita zegoen bezala, proiektuaren barruan, honela banatutako eraikina sartzen zen: beheko solairua geltokiko sarbide eta zerbitzuekin; lehenengo solairuan kirolgunea; bederatzi solairuko hotela eta ikasleen egoitza. Guztira, lurpeko geltokiaren estalkian 12.500 metrotik gorako plaza geratuko da; bertan, eraikin bat egingo da 4.990 metro karratutik gorako mailagainarekin.

Plazaren diseinua egitean kontuan hartu da, diseinurako herritarren partaidetzan atera zen bezala, plaza geltokiko sarreraren ataria izan dadila, baita erabilera libreko espazioa ere inguruko pertsonentzat. Egonleku batuagoa izango du, inguruko auzotarrentzat pentsatua. Basurtuko Auzoko Bihotzeko lanaren bidez Sabino Aranatik Errekaldera arte berreskuratu diren 62.500 metro karratuei erantsi behar zaie plaza hau. Aurki erantsiko zaie FEVE Iralaraino lurpetik bideratzearen ondoriozko urbanizazioa.

Geltokia

Geltoki berriak zerbitzu hobea emango die erabiltzaileei eta toki atseginagoa eta seguruagoa izango da. Bezeroak ketik eta zaratetatik babesten dituen sistemadun ekipamendu modernoa izango da. Mezzanine-gune modernoa ere edukiko du, merkataritzako lokalekin. Bertan, autobusen erabiltzaileek, zein erabiltzaile ez direnek, egon egonean edo lagun egiten egon ahal izango dira. Autobusen sarbidea aireportuetakoa bezalakoa izango da, nasetatik aparte egongo den erdialdetik; gainera, autobusen maniobra ikusi ahal izango da goitik, aireportuetan legez. 500 aparkaleku izango ditu geltoki berriak. 

Eraikina hainbat altueratan eraikita egongo da eta inguruneko eskaintza osatzeko balio izango duten zenbait jarduera izango ditu. Gertuko merkataritzarekin bateragarria izango diren saltokiak egongo dira. Egoitza bat da egongo da unibertsitateari eta ezagutzari lotutako ingurune batean. Era berean, bezeroak ekarriko dizkie auzoko saltoki eta hotelei. Horrela, Bilborentzako hotelen eskaintza handituko da garraioaren intermodalitatea errazten duen eta ondo komunikatuta dagoen ingurune horretan.

Plaza

Oinezkoen zuzeneko sarbidea Perez Galdos eta Luis Briñasetik; espazio bakarra izango da dena. Perez Galdos kalea oinezkoentzat egokituko da Luis Briñas eta Gurtubay kaleen artean. Plazan funtzio bi izango dituen eraikina egingo da: Autobusen geltokirako sarrera izatea, plazatik (metroaren aldageltokitik ere iritsi daiteke mezzaninera) eta zerbitzuak biltzea.

Eraikina

1. Solairua: mezzanine, txarteldegiak, taberna, kontsignak, bulegoak, merkataritza-gunea, sarbideak metrotik, gune logistikoa, instalazioak.

2. solairua: nasak, kapsula bidaiarientzat, geltokiko instalazioak eta komunak.

3. solairua: aparkalekuak, instalazioak.

4. solairua: autobusen aparkalekuak eta erregulazio-guneak.