The Killers taldea nagusituko da Kobetamendiko jaialdiaren bigarren egunean

uriola.eus 2017ko uzt. 7a, 10:00

Kobetamendiko jaialdiak gaur irekiko ditu ateak bigarren egunez Bilboko garaiak musikaz eta festaz betetzeko. The Killers Las Vegaseko taldeak gaur joko du 22:45ean Bilbao eszenatokian. Jaialdiak eraso sexisten aurkako kanpainarekin bat egin du: EZ beti da EZ.

Gaurko programatutako kontzertuen artean The Killers taldearen ikuskizuna nabarmendu behar da Spaceman, Human edo Bones arrakastekin. The Killers bandak 22 milioi disko baino gehiago saldu ditu mundu osoan, Grammy sarietarako zazpi izendapen, bi Brit Awards eta lau NME lortu ditu, besteak beste.

Egun horretan bertan, Phoenix taldeak joko du Kobetamendiko landetan. 2009. urtean musika alternatiboko albumik onenaren Grammy saria lortu zuen Wolfang Amadeus Phoenix zoragarriari esker. Harrezkero, frantziar hauen ibilbidea gorantz joan da etengabe.

Die Antwoord eta Two Door Cinema Club, larunbatean

Jaialdiaren hirugarren eta azken egunean Die Antwoord taldearen txanda izango da, gaur egungo bandarik ospetsuenetako bat. Hegoafrikarrak musika-eszenara iraultza ekarri zuten 2010ean beren debuteko diskoarekin, eta nekaezinak dira rapa eta dantzatzeko musika zein beren jaioterrikoa maisuki uztartzen dituztenean, estetika oso-oso berezia dute eta. Zuzeneko kontzertu guztiak esperientzia zirraragarri bat izatea lortzen dute.

Larunbateko beste une ikusgarri bat Two Door Cinema Club taldearekin iritsiko da; honako hauek osatzen dute Ipar Irlandako indie rock eta indie pop taldea: Alex Trimble abeslaria, gitarrista eta sintetizatzaile-jolea; Sam Halliday gitarrista eta ahotsak egiten dituena; eta Kevin Baird baxua.

Bilbao BBK Live Bereziak

Urtero Kobetamendin bizitzen den jai giroa hirigunera jaisteko asmoarekin, Bilbao BBK Livek Bereziak zikloaren egitaraua osatu du. Ostiralean, 7an, Rufus T. Firefly eta Nudozurdo artisten txanda izango da, bai eta Silvia Bocca & Gang taldearena ere. Azkenengo honek larunbatean, 8an, joko du berriz ere, Delorean, Iseo & Dodosound w/The Mousehunters taldeekin batera. Halaber, Jägermusic ontzia itsasoratuko da Kaixo, Rrucculla eta King Kayman artistekin, Pío Baroja plazatik abiatuz. Larunbatean ere, 8 ordu musikan eta solasean familia artean, Play'N'Kids taldearen esku.

[2917-07-03] Bilbao BBK Live Jaialdia nazioarteko 70 talderen agertokia izango da asteburuan