Ekainaren erdialdean Begoñako igogailua ixtea erabaki du jabeak

uriola.eus 2014ko mai. 20a, 11:43

Joan den ostegunean Ascensores de Begoña S.L. enpresako jabeak igogailuaren itxieraren berri eman zien bost langileei, Eusko Jaurlaritzako Garraio sailarekiko negoziazioetan aurrerapen falta eta diru galerak arrazoituz. Langileen esanetan "irtenbiderik txarrena da" hau, bai beharginentzat beraientzat bai erabiltzaileentzat.

Igogailuko langileek iragarri zituzten lanuzteak -maiatzaren 23tik 25era- eta greba mugagabea -maiatzaren 28tik aurrera- bertan behera utzi dituzte joan den ostegunean enpresako buruarekin batzartu ostean. Bilera horretan "igogailua itxiko duela" jakinarazi zieten. Ascensoren de Begoña S.L. enpresako jabeak data zehatzik aipatu ez zuen arren, "hilabeteko epea" aurreratu zuen. Hortaz, ekainaren erdialdean itxi daiteke.

Ez da igogailuaren itxiera iragartzen den lehen aldia. Izatez, otsailaren 20an ixtekoa zen, baina enpresako arduradunek eta Eusko Jaurlaritzako Garraio saileko ordezkariek negoziatzeko epemuga luzatzea erabaki zuten. Igogailuan urteak lanean daramatzan Migel Anjelen aburuz, oraingoan "bai", igogailua zarratuko da: "Eusko Jaurlaritzarekin gauzak otsailaren 20an bezala daudela esan digu nagusiak, eta galerak pilatzen ari dela. Horregatik hartu du erabakia".

Langileak "txarto" daude. "Irtenbide txarrena" da itxierarena; "horren beldur ginen", diote. Azken hiru hileko soldata zor die enpresak eta, gainera, "lanik gabe geratuko gara". Beraiek ez ezik igogailuko erabiltzaileak ere kaltetuko direla pentsatzen dute. Etorkizunak kezkatzen ditu, Begoñakoak Arangoitiko igogailuaren bide bera jarraituko duen tematuta daude: "Epaiketetan sartuta eta igogailua hiru urtez itxita".

 

[2014-05-14] Begoñako igogailuko langileek lanuzteak iragarri dituzte