Udaltzainek, bateraturik, kalean, udaletxeko eskaileretan, protesta egiten duten lehen aldia izango da biharkoa. Bilboko Udaltzaingoan ordezkaritza duten sindikatu guztiek egin dute bat deialdiarekin. Udaltzaingoaren egituraketan, administrazioko lantaldearen "desagerpena" eta trafikoko lantaldearen murrizketa, "erdira", salatuko dituzte. ELA sindikatuaren arabera "antolakuntza kaosa" sortu du eredu berriak.
Sindikatuak alderdi politikoei hainbat proposamen helarazi dizkie biharko Udalbatzarreko Osoko Bilkuran aurkezteko. "Bilboko Udaltzaingoan polizia administratibo bat sortu dezatela -berrantolaketa dela eta kendutakoa- eta trafikoaren kudeaketa ikuskaritza handitu dezatela, gaur egun 24 langilek osatua -aurrez 70 langile baino gehiago zituen-". ELAren iritziz proposamen hauekin "herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzeaz gain, langileen lan baldintzak ere hobetuko dira".
EH Bildu koalizioak jaso du ELAren proposamena eta premiazko mozio gisa ahaleginduko da biharko bilkurara eramaten. EAJk ez ditu premiazko mozioak gustuko; orain arte aurkeztutako guztiak baztertu ditu.
ELA: "Ez dauka inongo zentzurik"
Bilboko Udaltzaingoan, segurtasun zinegotziak martxan jarritako berrantolaketak "Bilboko herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua kaltetu eta murriztu" egiten dutela uste du ELAk. Batez ere, Udaltzaingoak dauzkan "ezinbesteko konpetentzia edo oinarrizko lanei dagokienean. Lan hauek, udal ordenantzak eta Trafikoa dira. Hau gainera, unitate ezberdinetako mando gehienek eta udaltzainek ere horrela ikusten dute".
Argi du ELA sindikatuak herritarrentzako gertukoagoa den polizia eredu batean -"polizia eredu berri honekin lortu nahi dena, segurtasun zinegotziaren arabera", herritarrek dauzkaten beharrei erantzutean izan behar duela oinarria, eta "kontrastatu daiteke". Bilboko Udaltzaingoak egiten dituen aktuazio eta Bilboko herritarren eskarien %75 baino gehiago, Trafikoa eta udal ordenantzekin zerikusia daukaten gaiak da. Adibidez, negozioen lizentziak, sonometriak, ordutegi aktak, auzoetako molestiak, botelloi eta eremu publikoaren inguruko ordenantza espedienteak, kirol ekintzak, trafiko hausturak, trafikoaren erregulazioa, alkoholemia frogak, eskola autobusen eta merkantzia garraioen kontrola, bideko segurtasunaren informazio eta heziketa kanpainak, manifestazioen kudeaketa... Horrela, "ez dauka inongo zentzurik, espezifikoki lan hauek egiteko sortutako bi unitate hauek kendu edo gutxiengora murrizteak".