Takbar Haddi ama sahararraren kasua salatu dute Bilbon

uriola.eus 2015ko eka. 17a, 17:16
Argazkia: ehbildu.eus

Saharar komunitatearen eskutik, 24 orduko protesta ekimenerako deialdira batu dira hainbat herri mugimendu, alderdi eta erakunde gaur goizean Marokoko kontsulatuaren aurrean -Rekalde Zumarkalean- eta 18:00etatik aurrera plaza Eliptikoan ezarritako jaimapean 24 orduko gose grebari ekiteko. Protestari amaiera emateko, bihar, osteguna, manifestazioa egingo dute.

Mohamed Lamin Haidala gazte sahararra 2015eko otsailaren 8an hil zen Marokoko kolono talde baten eraso bortitza paiaratu ondoren. Geroztik, bere familiak gertakari arrunt bat ez zela izan salatu du. Eta eraso horren ondotik mediku, polizia eta agintari marokoarrek izan duten jokabidea, gaztearen gertukoek eginiko salaketa indartzera dator.

Kanariar Uharteetan bizi den gazte sahararraren amak, Takbar Haddik, gose grebari ekin zion joan den maiatzaren 15ean. Bere eskaera guztiz bidezkoa da: Haddik bere semearen hilotza berreskuratu eta bere heriotzaren nondik-norakoak argitzea eskatzen du.

Ama saharar hau bere protestaren helburuak ezagutarazteko joan zen Bruselara, Europako Parlamentura. Bertan talde politiko ezberdinerako ordezkariekin egon ostean, haien sostengua jaso zuen; horien artean Josu Juaristi Euskal Herria Bilduren eurodiputatuarena.

Gaur Amaiurreko Senataria den Urko Aiartzak gobernuari zuzendutako galdera erregistratu du, "Haidalaren kasua sahararrek lurralde okupatuetan jasaten duten egoeraren beste adibide bat da, lurralde okupatuetan giza eskubideen urraketak etengabeak direla" azaldu du eta "MINURSOk ez duela urraketa horiei jarraipena egiten bere agintaldia luzatzeko Segurtasun Kontseiluan dagoen akordio ezaren ondorioz", gehituz, eta senatariak gogorarazi duenez, Nazio Batuen Corell txostenaren arabera, Espainiako Estatua da "administrazio boterea deskolonizazio prozesu horretan oraindik".

EH Bilduko ordezkariek goizeko elkarretaratzea zein arratsaldean hasi den baraualdian parte hartu dute. Era berean, dei egin diote "euskal gizarteari, eta bereziki bilbotarrei, protesta egunari amaiera emateko, ekainaren 18an, osteguna, arratsaldeko 18:30ean plaza Eliptikotik abiatuko den manifestazioan parte hartzera".