Kukutza gaztetxearen aldeko manifestaziorekin bat egin dute EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok

uriola.eus 2015ko ira. 11a, 12:03

"Desorden publikoagatik" eta "erresistentzia delituagatik" Kukutza gaztetxearen defentsan parte hartu zuten 19 lagun epaituko dituzte hurrengo astean. Bihar, 18:00etan, Kukutzarekin elkartasun taldeak mobilizazio koloretsu eta zaratasua deitu du Bilbon. Ordu berean, Donostian, Kortxoenea gaztetxearen alde manifestatuko dira. Babes handia jaso dute bi deialdiek.

Bilboko Udalean ordezkaritza duten sei alderdietatik hiruk eskatu dute hurrengo astean epaituko dituzten 19 herritarren kontrako akusazioak "bertan behera uzteko". EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok biharko manifestazioako leloa berretsi dute: 'Zigorrik EZ! Elkartasuna ez da delitua'. Era berean, herritarrei parte hartzeko deia zabaldu diete.

Lau urte beranduago orubeak hutsik segitzen duela gogorarazi dute EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok. Kukutza zegoen tokian "ametsen fabrika zegoen, kultura alternatiboarena, kultur komunitario eredu oso bat, auzoen arteko bizikidetzaren eredu zen eraikin bat, ekonomia soziala lantzen zuena, eta parte hartzerako tresna eta gune esanguratsua. Gaur, ordea, hondarrak besterik ez daude. Udalari kosturik eragiten ez zion eta Errekaldeko beharrizan sozial eta kulturalak asetzen zituen ekipamendua zegoen lekuan, bihozmina eta zaborra baizik ez dago".

Hiru alderdiek adostu duten komunikatuan diote, "gutxi balitz", auzi honetan "PNV-PSOE-PPren kudeaketa oker eta bortitzak ondorioak ere baditu". Auzitegian, "espetxe zigor mehatxu eta guzti". Heldu den astean hasiko da Kukutzaren aurkako laugarren epaiketa. 19 herritar jesarraraziko dituzte akusatuen aulkian. 18 eta 30 hilabete arteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete; eta horietako biri erresistentzia ere egotzi nahi diete, eta horrek suposatuko luke zortzi hilabete gehiagoko zigorra.

Egoera honen aurrean, EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeek exijitu dute 19 herritarren kontrako zigor eskaerak bertan behera uzteko. "Eta horrenbestez, bihar, irailak 12, 18:00etan izango den manifestazioarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu, herritarrei bertan parte hartzeko deia zabaltzearekin batera".

Halaber, desalojo arriskuan den Errekaldeko OihuK espazio autogestionatu feministari babesa agertu diete hiru alderdiek.

 

Hiria ulertzeko eta eraikitzeko eredu antagoniko bi

Kukutza gaztetxea husteak eta eraisteak aurreko legegintzaldiaren hasiera markatu zuen, orain dela lau urte. EH Bildu, Udalberri eta Gozen Bilbaok sinatutako testuaren arabera, 'Kukutza auzian' "PNV-PSOE-PPk jokatu zuten okerreko paper bortitzak, eta Errekalderi ez ezik, Bilbo osoari ere eginiko kalteak eta berau onartu nahi ez izanak agerian utzi zuela hiria ulertzeko eta eraikitzeko eredu antagoniko bi daudela. Batetik, kontu ilunei loturiko enpresa eraikitzaileen interesak lehenesten dituena, eta arazorik batere ez duena beharrezkoa duen bortxa guztia erabiltzeko, PNV-PSOE-PP-k 2011ko irailean erakutsi zutenez; eta bestetik, Errekalde eta Bilboko interes kolektibo eta publikoak defenditu zituena, duintasunez, kalean.

2011ko iraila hartan, Errekalden agerian geratu ziren Bilbo konprenitzeko eta bizitzeko bi modu zeharo desberdin: hondeatzeko makina eta porrena, grisa, auzoen kaltean hiriguneari bakarrik begiratzen diona, turistentzako pentsaturiko erakusleiho hiria, zeinetan orain kasta gisa izendatzen ditugun horien desberdin pentsatzen duenak ez duen tokirik. Sinpleki, erditik kentzen dute. Baina horren aurrean bada beste Bilbo bat: anitza, askotarikoa, koloretsua, hiriguneaz gain auzoak ere bizi dituena, haietan bizi baita jende gehiena. Beste Bilbo horretako jendeak interes kolektiboak lehenesten ditu, Kukutzaren aldeko manifestazio jendetsuek erakutsi zutenez. Horietako askotan gogor oldartu zen Ertzaintza".

 

Kontzentrazioak

Behin-behinean, bi egun iraungo duen epaiketako saioak irailaren 14 eta 16an izango dira. Bi egun horietan kontzentrazioak deitu ditu Kukutzarekin elkartasun taldeak 09:15ean epaitegi aurrean.

#niereegonnintzen

#kukutza

@kukutzagaztetxe  

kukutzarekin.wordpress.com

[2015-09-11] EH Bildu: Kukutzaren aurkako epaiketa bertan behera uzteko exijitzen dugu

[2015-09-10] Kukutza eta Kortxoenearen aldeko mobilizazioak larunbatean

[2015-09-08] Autogestioaren alde, okupazioaren alde eta gaztetxeen alde

[2015-09-07] Manifestazioa eta elkarretaratzeak deitu ditu Kukutzaren aldeko ekimenak

[2015-07-02] Kukutzaren aldeko "beste elkartasun olatu bat" piztera dei egin dute