Kukutzaren aldeko "beste elkartasun olatu bat" piztera dei egin dute

uriola.eus 2015ko uzt. 2a, 13:09

Kukutza IIIri "elkartasuna adierazteagatik" 19 pertsona epaituko dituzte irailean, eraispen unean "Errekalden egoteagatik", elkartasun taldeak gaur jakitera eman duenez. Fiskaltzak "desorden publikoagatik" 18 eta 30na hilabete arteko espetxe zigorra eskatu die, eta biri zortzina hilabete gehiagoko eskaera egin die "erresistentzia delituagatik". Orain arteko epaiketa "gogorrena" dela iragarri dute.

'Ni ere egon nintzen eta egongo gara' izeneko kanpaina abiarazi du gaur Errekaldeko plazan, auzoko jaien baitan, Kukutzarekin Elkartasun Taldeak. Gaztetxea "kendu zigutenik" ia lau urte pasa direnean, "oraindik" berri "mingarriak" eman beharrean aurkitzen da lantaldea. Batetik, joan den otsailean usurpazio delitutik absolbitu zituzten 23 lagunen aldeko epaia Fiskaltzak errekurritu duelako, eta bestetik irailaren 14 eta 16an beste 19 lagun epaituko dituztelako. 

Desorden delitua leporatzen die Fiskaltzak 19 laguni eta 18 eta 30na hilabete arteko espetxe zigorra eskatzen die. Horietako biri erresistentzia delituagatik beste zortzina hilabeteko espetxe zigorra eskatzen die. "Oso larritzat" jo ditu elkartasun taldeak eskakizun hauek. Orain arteko "gogorrenak" direla adierazi du Mikel Garcia eledunak. "Kukutzarekiko elkartasunez Errekaldera gerturatze hutsagatik kartzelaratzeko atarian kokatzen baititu kide auziperatuak".

Izan diren auzi desberdinak errepasatu ditu Garciak buruz. Bi alemaniar herritarren aurkako epaiketa "gezurtzat" definitu du; desordenagatik leporatutako bi lagun "absolbituak" izan zirela aipatu du; azken epaiketan usurpazioa leporatu zieten auziperatuei, eta "isunarekin ordaintzen" den zigorra dela gogorarazi du. Hortaz, elkartasun taldearentzat, desorden delituagatik eskatzen dizkieten 18 eta 30na hilabete arteko espetxe zigorra da, orain arteko kasuekin alderatuta, "larriena".

"Zentzugabekeria" hau gainditzeko, "beste elkartasun olatu bat piztera" deitu dituzte herritarrak Errekaldeko plazatik: "Kriminalizazio asmoarekin duela lau urte Kukutza lapurtu ziguten berdinek gure lagunak erasotzeko duten asmoaren aurrean, beste elkartasun olatu bat piztu nahi dugu". Horretarako udan 'Ni ere egon nintzen eta egongo gara' kanpaina zabaltzeari ekingo diote. Etxekoekin, lagunekin, auzo eta herrietako jaietan epaituen aldeko mezua kalean zabaltzeari, alegia. Eta irailaren 12an, epaiketaren aurreko larunbatean, mobilizazio "handi bat" egingo dute. "Solidarioekiko elkartasunean asko garela demostratu behar dugu eta Kukutzak eragindako sentimenduak bizirik dirautela; egon ginen eta egongo gara. Kukutza defendatzeagatik zigorrik ez". 

#niereegonnintzen

#kukutza

@kukutzagaztetxe  

kukutzarekin.wordpress.com