Muturreko bizikleta jaitsieraren munduko serieetako proba bat jasoko du Bilbok

uriola.eus 2015ko urr. 6a, 13:17

Nazioarteko sailkapenean lehenengo hiru postuak lortu dituzten Filip Polcek, Tomas Slavicek eta Johannes Fischbachek parte hartuko dute Bizkaiko hiriburuan egingo den proba bakarrean; abiadura, jaitsiera zorabiagarriak, eta ezinezkoak diruditen birak eta jauziak uztartuko dira bertan.

Irailaren 26an Salbe zubian egin zen Red Bull Cliff Diving World Series txapelketaren final nagusiak izan zuen arrakastaren ostean, nazioarteko proiekzioa daukan muturreko kirol jarduera baten agertoki izango dira berriz ere Bilbo eta Bizkaia. Izan ere, bertan da City Downhill World Tour ekitaldia, hiriko bizikleta jaitsiera txapelketarik ospetsuena. Datorren larunbatean, urriaren 10ean,  City Downhill World Tour munduko txapelketarako proba puntuagarria egingo da Etxebarria parkean eta Gas plazan. Bi egun geroago, astelehenean, urriaren 12an, Bermeok Basque Country City Downhilll Open txapelketa hartuko du.

Zirkuituko profesionalen eta estatuko eta nazioarteko txirrindulari federatuen artean, guztira 80 riderrek hartuko dute parte Bilbon egingo den sailkapen-txandan. Txapelketa 14:30ean hasiko da. Bertan, trebetasun guztiak erakutsi beharko dituzte final nagusian parte hartu ahal izateko. Final nagusia urriaren 24an izango da Taxco hirian, Mexikon. Basque Country City Downhill Open txapelketan, zirkuitu batek Bermeo erdialdeko kaleak eta portua zeharkatuko ditu. Txirrindulari federatuek soilik eskuratu ahal izango dituzte dominak. Rider profesionalek aldiz, egiteko gai diren balentrien erakustaldi bat eskainiko diete ikusle gogotsuei. Hiria eta lurraldea bi egunez izango dira muturreko kirolaren erreferentzia gero eta jarraitzaile gehiago dituen modalitate horretan.

Hitzordua Etxebarria parkean

Hirian zehar abiadura osoan egiten den eta ezinezko oztopo, jauzi eta birez jositako kirol-modalitate hau Lisboan sortu zen 1999. urtean. Hala ere, 2014. urtean antolatu zen lehenengo aldiz modu ofizialean eta nazioartean, City Downhill World Tour ekitaldia. Bilbok, beraz, txapelketa honen II. edizioan hartuko du parte. Ekimenak 2015. urtean bost geldialdi izango ditu: Valparaiso (Txile), Santos (Brasil), Bratislava (Eslovakia), Bilbao eta Taxco (Mexiko). Etxebarria parkea muturreko txirrindularientzako benetako pista bilakatuko da egun batez. Handik Gas plazara jaitsiko dira, 8 eta 12 metro bitarteko oztopoz betetako langa gainditu ostean; horretarako, oztopoak saihestu eta jauziak egin beharko dituzte.

Luxuzko parte-hartzea

Munduko sailkapeneko lehenengo hiru postuetan daudenek ez dute euskal hitzordua galduko. Filip Polc, esloveniarra, Tomas Slavic txekiarra eta Joahannes Fischbach alemaniarra lehiatuko dira lehenengo txapela lortzeko. Norgehiagoka honetan maila handiko profesionalek hartuko dute parte, besteak beste, Bernardo Cruz brasildarrak, Matt Walker zeelandaberritarrak, Ivan Kunaev errusiarrak eta Ben Moore britainiarrak. Estatuko eta nazioarteko riderrak ere izango ditugu gurean, ospe handiko zirkuitu honetan lehiatzeko aukeraz baliatuko direnak. Horrez gain, bizkorrenenen artean sariak banatuko dira eskudirutan. Estatuan kirol-modalitate honetan inoiz eman diren saririk onenak izango dira: txapeldunak 5.000 euro irabaziko ditu, bigarren postua lortzen duenak 3.000 euro, hirugarrenak 1.500 euro, laugarrenak 800 euro eta bosgarrenak 700 euro.

Izena eman daiteke

www.bilbaocitydownhill.com webgunean eman daiteke izena. Prezioa 70 eurokoa da, eta bi lasterketetan parte hartzeko aukera egongo da, bai Bilbon hilaren 10ean egingo denean, bai hilaren 12an Bermeon egingo den horretan. Innevento enpresak antolatu du nazioarteko ekimen hau eta Bilboko Udalaren, Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du, baita Montajes Meccano, Renault Gaursa eta Euskaltelen lankidetza ere. Txapelketa mundu osoan emango da, aurreko probetan milioi eta erdi bisitari bakarrez osatutako audientzia lortu zuen Epic TV on line kanalaren bitartez.

Egitaraua

Urriak 10, larunbata

- 09:00-10:00. Check in eta riderren izen-emate ofiziala

- 10:00-13:00. Entrenamendu ofizialak

- 14:30-16:30. Sailkapenak

- 17:00-18:30. Finalak

- 18:45. Sari-banaketa