uriola.eus

Begoñako hilerria herritarrentzako parkea bilakatuko da

  Udal gaiak  Begoñaldea

Hurrengo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) Begoñako hilerriaren lursailak 'berdegune' izendapena mantentzeko eskatu dio Udal Osoko Bilkurak -PPren abstentzioarekin- Udal Gobernuari, hilerriko espazioa "herritarrei zabalduko zaien parke batean bihur dadin, garrantzia historiko, artistiko edota arkitektonikoa duten elementuak mantenduz". 

EH Bilduk aurkeztutako mozioa botoen gehiengoaren babesarekin onartua izan zen atzoko Udal Osoko Bilkuran. Mozioak Begoñako kanposantuko orubeak izan ditzakeen erabilera anitzak diseinatzeko "prozesu parte-hartzaile bat bultzatzea" aurreikusten du. Prozesu horrek Udaleko teknikarien, Begoñako eragile sozialen eta bizilagunen arteko "elkarlana" sustatzea du helburu. 

Datorren ekainetik aurrera Begoñako hilerria ez da kanposantua izango. Horregatik "garrantzitsua" zen EH Bildurentzat "lehenbailehen ziurtatzea lursail hau ez dela espekulaziorako erabiliko ezta etxebizitzak eraikitzeko ere". Orubea "erabilera anitzak" izan ditzakeen "aisialdirako espazio publiko" gisa defendatu du koalizio abertzaleak, eta bertako elementu historiko, artistiko edota arkitektonikoak mantentzenaren alde egin du. Esaterako, sarrera neogotikoa, hilobi-monumentuak edota panteoiak, udal teknikariek dagoeneko identifikatuta dituztenak.

Hilerriaren ordez erabilgarri egongo den 6.000 metro karratuko orubeari esker, "hiriak berdegune bat berreskura dezake, aukera bikoitza eskainiz". Batetik, auzokideek beste berdegune batez gozatzeko aukera izateaz gain, auzoaren erdigunean egonik, "Begoñako gune desberdinak elkarren artean lotzeko aukera berriak zabalduko lirateke, auzoa hobeto antolatuz, komunikatuz eta berpiztuz. Gainera, kirol edota kultur ekipamendu berriak egon daitezke bertan".

Bestetik, egungo hilerriaren ondare artistikoa mantenduko duen parke bat zabalduz, "gune turistiko erakargarri bat sortuko litzateke". Izan ere, Europako Kontseiluak, Europako Hilerrien Ibilbidea Ibilbide Kultural bezala izendatu du, hilerriak hiriaren historiari eta kulturari lotutako espazioa direla gogoratuta eta euren garrantzia azpimarratuta. Gainera, kontuan izanda Begoñako Basilikatik gertu dagoela -erromes asko Bilbora hemendik sartzen dira-, eta "begibistakoa da gune honek aukera bikaina eskaintzen duela gune turistikoa izateko".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa