Proba asteartean aurkeztu zuten Bilbao-Bizkaia Turismo Bulegoan Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak; Ines Ibañez de Maeztu, Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotzi laguntzaileak; Angel Sanz Reebok Spartan Race probako Country Managerrak; eta Fernando Sanjose Innevento -probaren tokiko ekoizlea- enpresako zuzendari nagusiak.
Aurten, Reebok Spartan Race lehenengo aldiz egingo da Bilbon, duela gutxi zenbait hiritan egin eta gero, besteak beste, Madril, Berlin, Los Angeles, Rio de Janeiro, Sydney, Tokio, Txileko Santiago, Baku, Doha edo Dubai. Horietako asko espezialitateko munduko txapelketako sailkapenean sartzeko erabakigarriak izan dira. Txapelketa urrian antolatuko da Kaliforniako Lake Tahoe herrian.
Bilboko proban bi modalitate garatuko dira: 'Sprint' eta 'Super'. Lehenengoan, 15 oztopo baino gehiago dituen 5 km-ko distantzia ibili beharko da eta, bigarrenean, 'Super', 20 oztopo baino gehiago dituen 13 kilometroko distantzia.
Gora egitea, korrika egitea, herrestatzea, jauzi egitea…
Proban arituko diren 'espartarrek', Bilboko aisialdirako ingurune ezagunenetako bateko zailtasun orografikoei aurre egiteaz gain, hogei bat oztopo klasiko baino gehiago gainditu beharko dituzte, proba mundu osoan ezaguna izatea ekarri dutenak.
Parte-hartzaileek tranpa ezberdinak utzi beharko dituzte atzean, zeinetan beren gaitasun fisikoa eta trebetasunak probatu beharko baitituzte. Besteak beste, alanbre arantzadunak, 'Monkey Bars' edo 'Sua duen jauzia' egongo dira, eta, gainera, beste proba klasiko batzuk egongo dira, hala nola pneumatiko erraldoiak mugitzea, soka zein hormetatik eskalatzea, oreka-makilak edota doitasunezko jaurtiketak. Oztopoak gainditu ezean, zigorrak jarriko dizkiete espartarrei, burpees direlakoen bidez (sentadilla, flexio eta jauzi bertikalen konbinazioa segida arin batean egindako mugimendu-sekuentzian).
Spartan Race munduko oztopo-lasterketarik garrantzitsuena da, askorentzat, eta munduko sailkapen eta kronometrajean aintzat hartzen da. Guztira, 170 ekitaldi baino gehiago egiten ditu 25 herrialde baino gehiagotan, eta munduan milioi bat parte-hartzaile baino gehiago biltzen ditu. Horrez gain, maila guztietarako "open" irteera-txandak ditu, erronkan espezialistak diren pertsonei zuzendutako elite-txandez gain. Urtero, txapelketak egiten dira Europan eta Reebok Spartan Race mundiala antolatzen da.
www.spartanrace.com webgunean aurki daiteke ekitaldien eta izen-emateen egutegiari buruzko informazio guztia.
Zerbitzu bereziak garraio publikoetan
Larunbatean jende asko hurbilduko dela aurreikusi denez, bereziki eguerdi aldera, Udalak garraio publikoa erabiltzea aholkatzen du ibilbidearen eremura hurbiltzeko, eta, batik bat, Artxandako inguruetara igotzeko, non lasterketaren irteera eta amaiera egongo diren.
Beste aukera bat oinez igotzea da, Salbeko zubian hasten den oinezkoen bidetik, primeran ulertzeko moduko seinaleak dituena.
Spartan Race probara joateko garraio publikoa erabiltzea sustatu nahi du Bilboko Udalak; horretarako, funikularraren ordutegia luzatuko du eta Bilbobuseko zerbitzu berezia abian jarriko du. Funikularrak 15 minuturo egin ohi du bidaia, baina jendea pilatzen denean zerbitzuak ugarituko ditu geltokietan erabiltzaileak zain dauden bitartean. Bestalde, txartelak jaulkitzeko zerbitzua zabalduko da, geltokiaren barruan joan-etorrietarako txartelak erosteko aukera emango duen beste leihatila bat irekiko baita.
Beste alde batetik, Bilbobusek A 7 (Areatza-Artxanda) linearen ohiko zerbitzua bikoiztuko du, eta 30 minutuko maiztasuna izango du 08:00etatik 20:00etara.
Zirkulazio aldaketak
Proba garatzeak Artxandako zirkulazioan izango du eragina batez ere, eta ekainaren 25ean, larunbata, BI-3741 (Enekuri–Artxanda eta Artxanda-Santo Domingo) errepidea bi noranzkoetan moztuko da behatokiaren alboan 07:00etatik 19:00etara (ekainaren 24an, ostirala, zirkulazioa txandaka irekiko da muntaketa egiten den bitartean).
Antolakuntzan lan egiten duten langileak une oro egongo dira sarrera eta irteerak erregulatzen aurretik moztutako puntuetan, eta, gainera, beste ibilbide batzuen berri emango dute.
Enekuri-Artxanda errepideko zatiko bideetako sarrera-irteerei eta higiezinei dagokienez, Artxandako kiroldegitik Enekuri etorbidera doan eremuan (Berriz bidea, Enekuri etorbidea- Fatima ikastetxeko sarrera, Jesus Maria ikastetxeko sarrera, Berriz zelaia) Enekuriko eremutik sartu eta irten beharko dute (Aretxabaleta bidea barne).
Bestalde, Enekuri-Artxanda errepideko higiezinak Artxanda kiroldegitik eta Artxanda-Santo Domingo errepidetik Ibarsusi-Santo Domingo (BI-631) errepidera arte doan eremuari eta zati horretako bideen sarrera-irteerei dagokienez (Landeta bidea, San Roque bidea, Artxanda bidea), Santo Domingo errepideko eremutik sartu eta irten ahalko dira edota Sondikako Ola eremutik.
Era berean, unean uneko mozketak egingo dira Mendiarte estratako eta Atxeta bideko sarrera-irteeretan, Zabalbide kaletik, eta Monte Avril bideko sarrera-irteeretan Santo Domingo- El Gallo errepidetik.
Aldaketa horien ondorioz, Artxandan zirkulazioa motelduko dela aurreikusi da, bai Santo Domingotik, bai Enekuritik, eta antolakuntzako langileek horren berri emango diete gidariei.