Hiru igogailu eta hiru arrapala ezarriko dira Uribarri, Loruri eta goi auzoetan

bertonaldizkaria 2017ko abe. 11a, 08:38
Ricardo Barkala zinegotzia obraren berri ematen

Artxandako funikularraren erdibidean geralekua ezarri ordez, auzotarrek hainbatetan eskatu duten bezala, Udalak hainbat elementu mekaniko ezarriko ditu Mirador a Bilbao, Damian Gonzalez, Abasolo, Montaño eta Loruri etxalde eta kaleetan dauden etxebizitzei zerbitzua emateko. Hain zuzen ere, hiru igogailu eta hiru arrapala tarte eraikiko ditu.

Aburto alkateak zehaztu duenez, “alternatiba hobe bat” diseinatu dute diru kopuru berarekin “askoz bizilagun gehiagori konponbide integrala emateko”. 2018an egingo dira obrak.

EH Bilduk adierazi duenez, “EAJk bere hitza jan du, eta Uribarri inguru horretako auzokideekin hartutako konpromisoa ez du bete”. 

Ez daude auzotarren irisgarritasuna hobetzeko neurrien aurka Gure Etxea auzo elkarteko kideak, baina zehaztu dutenez, "ez beste auzotar batzuen batzuen kaltetan bada". Hiritar guztiengan pentsatuz jokatzeko eskatu diote elkartekideek udal gobernuari. Izan ere, Udalaren erabakiak Asuncion auzoa eta Lezamako Trenbide Zaharreko "zati handi bat isolatuta utziko dulea" diote Gure Etxeako ordezkariek. 

 

Egin beharreko obra

Loruriko kasuan, igogailu bi ezarriko dira Euskotrenen geltoki zaharraren inguruan. Lehenengoa Tiboliko igogailua deitzen da, eta Tiboli kalea lotuko du, Damian Gonzalez Maisuaren kalearekiko elkargunean, lehen Euskotrenen Loruriko geltokia zegoen lekuan egingo den urbanizazio berriarekin; horretarako, Tiboli kaleko +34,45 m-kotatik goiko urbanizazioko +40,90 m-ko kotara dagoen 6,45 metroko desnibela gaindituko da.

Bigarren igogailua Maurice Raveleko igogailua deitzen da eta hiru geraleku ditu. Beheko geralekua 40,90 m-ko kotan dago, lehen Euskotrenen Loruriko geltokia zegoen lekuan; tarteko geralekua 46,90 m-ko kotan dago, eta goiko geralekua, 53,30 m-ko kotan, Maurice Ravelen. Igogailu hau guztira 12,4 metroko desnibela gainditzeko proiektatu da.

Beste alde batetik, Uribarriko igogailua Abasoloko igogailua deituko da eta Etxezuri kalea lotuko du, 12. eraikinaren atzealdean, Abasolo kalearekin; 7,87 metroko desnibela gaindituko du.

Zerbitzu horiez gainera, arrapala batzuk egingo dira Mirador etxaldearen eta Abasolo kalearen goiko eta beheko aldean.

Gainera, obra horien ondorioz beste drainatze-sistema bat izango da bide berrietan, eta euri-uren sarea berrezarriko da. Era berean, argi-puntu berriak jarriko dira bideetan, eta horrek inguruneko ikusgarritasuna ez ezik segurtasuna ere hobetuko du.