Liburuxkaren helburua Occidental Bilbao hotelean langileek izan zuten gatazkara gerturatzea da, emakume horien bizipena hurbilagotik ezagutu ahal izateko. Ostalaritzaren munduaren eta, kasu honetan, Occidental-Bilbao hotelaren "izarren atzean zelako esplotazioa existitzen den erakutsi nahi dugu", dio txostenaren egile Aiala Elorrietak. Horrekin batera, "langileak, antolatzen direnean, egoera eraldatzeko duten gaitasuna ere nabarmendu nahi dugu".
Geroz eta hedatuago dagoen outsourcing fenomenoa da kontakizuneko ardatz. Ostalaritzaren sektorean bereziki zabalduta dagoen estrategia da, eta gainontzeko sektoreetan ere finkatuz doana. "Lanpostuak kanporatzean datza, azpikontratatutako enpresek miseriazko baldintzetan bereganatu ditzaten". Elorrietaren hitzetan, outsourcing-ak esan nahi du hotelak azpikontratatzen duen enpresa aldatzen duenean, "langileek kalera joateko aukera handiak dituztela". Outsourcing-ak esan nahi du langile azpikontratatuek hoteleko plantillakoek baino lan baldintza "nabarmen prekariagoak" dituztela. Era berean hedatuz doaz baita "sektore hauetako langileak antolatzen direnean eskuratzen diren garaipenak".