uriola.eus

Begoñako igogailuaren dorrea konponduko dute

  Udal gaiak  Begoñaldea

Bilboko Udalak, modu subsidiarioan, Begoñako igogailuaren dorrea konponduko du, oposizioan dauden taldeek askotan eskatu diotena aurrera eramanez. Elementu ezegonkorrak kenduko dituzte eta egitura konpondu, zatirik erori ez dadin.

Begoñako igogailuaren jabeek ez dutenez mantentze lanik egiten, Bilboko Udalak bizilagunen segurtasuna lehenetsi behar izan du, igogailuaren narriadura behin betiko geldiaraziz. Halere, jarduketaren kostuak jabeari ordainaraziko zaizkio. Obrak gaur hasiko dira eta 4 hilabetean amaituko dira.

Ez da lehen aldia Bilboko Udalak, Surbisaren bitartez, hemen esku hartu behar duela, udalak jabeari errekerimenduak egin ostean. 2014an elementu ezegonkorrak kendu ziren eta fatxaden azalera osoa sarez estali zen. Gerora, 2017an, konponketa puntualak egin ziren goiko irteera eta Etxebarria parkea lotzen dituen pasarela horizontalaren azpian. Jarduketa hauek ez zuten saihestu sakoneko jarduketa bat egin beharra, baina gutxienez hori egiteko epea luzatzeko aukera eman zuten.

Une honetan, denborak, mantentze ezak, kontrolik gabeko landaretzak eta isurketa-uren drainatze ezak kalteak sortu dituzte Etxebarria parketik iristeko pasarelaren oinarrien ondoan. Surbisako teknikariek, aldian behin egiten dituzten ikuskapenetan, kalteak atzeman dituzte dorrean eta igogailuaren gorputz nagusian.

Obrak gaur hasiko dira, aldamioak jartzen hasiz. Aldamioak bereziak izango dira, altuera handia dagoelako, eta lau fatxadetan jarriko dira. Lan hauek lau hilabete iraungo dute, 450.000 euroko kostuarekin, jabearen kontura.

ZER DA SURBISA?

SURBISA udal-sozietate bat da, Bilboko eraikin, etxebizitza eta lokaletan jabeek egin beharreko birgaitze-lanak sustatzen dituena. Haren esku-hartzeko eremuaren barruan daude Zazpi Kaleak, Gurutze auzoa, Bilbo Zaharra, Trenbideko Langileen auzoa, Irala, Olabeaga, Zorrotzaurre eta Zazpilanda.

Surbisak helburu bi ditu: alde batetik, eraikinen ondasuna segurua, irisgarria eta efizientea izatea eta kalitateko etxebizitzak eskaintzea, eta bestetik, bere eragin-eremuetan bizikidetza erraztea. SURBISAren lanaren helburua da bizi-kalitatea lortzea, jarduera sustatzea eta hirira itzuliko den aberastasun ekonomikoa sortzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa