Lokomotorak eragileak auzoko eskolekin batera antolatuta azaroaren 22an, ostirala, Santa Zezili eguna edo musikarien eguna ospatuko dute Atxuriko geltokiaren sarreran. Ospakizuna 16:45etan hasiko da kalejira musikatu batekin, Garcia Ribero patioan hasi eta Santos Juanes kaletik eta Enkarnazio plazatik igaro ostean geltokira helduko da. Bertan kontzertua arratsaldeko 17:00etan hasiko da geltokiko hall-ean. Emanaldian parte hartuko duten musikarien artean, besteak beste, Eskolan Kantari Atxuriko koroa, Contra Viento y Marea laukotea, Bilboko txistulariak eta beste hainbat musikari aurkitzen dira. Behin kontzertuak amaituta, jaiak Enkarnazio plazan jarraituko du, Sigi-Saga auzoko dantza taldearen eskutik.
Elkarlanerako prestutasuna
Irailaren hasieran utzi zion Atxuriko geltokiak 137 urteren ostean trenak jasotzeari. Espazio hori Garcia Rivero eskolaren zein barrutiko beste elkarteren beharretara egokitzea aldarrikatzen du Lokomotorak eragileak, espazio publiko, sozial eta ludiko bat bilaka dadin.
Geltokiaren etorkizunaren inguruan hausnartzeko, hainbat bilera egin dituzte auzoko elkarte zein eragileekin. Hots, hainbat erakunderekin ere harremanetan jarri dira, Atxuriren eta Euskotrenen beharrei erantzuteko proposamen bat garatzeko asmoz. Lokomotorak eragileak azaldu bezala, Euskotrenek/ETSk elkarlanerako prestutasuna agertu du azkenaldian. Horri esker barrutiaren eta burdinbideko entitatearen beharrak modu kolektiboan ezartzeko aukerak daudela argitu dute.