Sehaska Etxea auzoarentzat aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean

uriola.eus 2020ko urr. 16a, 12:50

Bilboko Urazurrutia kaleko Sehaska Etxea auzoaren beharretara bideratzea aldarrikatuko dute gaur arratsaldeko 19:30ean Bilbo Zaharreko plazatik abiatuko den manifestazioan. 

Casa Cuna Auzoarentzat mugimenduak mobilizazioa deitu du gaur Bilbo Zaharreko plazan, Sehaska Etxeko eraikinean aurrera eramaten ari diren proiektua salatu eta benetan auzoaren premiak asetuko dituen proiektu bat aldarrikatzeko. 

Urazurrutiako eraikinean zegoen haur eskolak 2018an ateak itxi zituenean eraikinari bestelako erabilera bat emateko xedez, Bilbo Zaharreko auzokide baten arabera, BBK fundazioak Bilboko Udalarekin batera ideia lehiaketa bat abian jarri zuen. "Auzoko hainbat eragilek lehiaketa horretan parte hartu genuen, guztiok uste genuen Sehaska Etxeak auzoko kolektibo behartuenen beharrei erantzun behar ziela." Betelako ideiak proposatu zituzten, besteak beste, bakardade-egoeran dauden adinekoak elkartzeko gune bat, emakumeen etxea, ikasle eta langabetuentzako prestakuntza gune bat eta memoria historikoa ez galtzeko espazio bat, auzoko meatzaritzaren industria gogorazteko.

Bi urteren buruan, 2020ko udan eman zuen BBK Fundazioak BBK Kuna proiektuaren berri, sare sozialetan honi buruzko informazioa zabalduz. Bilbo Zaharreko auzokideak kexu dira, izan ere, ideia lehiaketa egin zenetik gaur egunera arte auzoko kolektibo batek ere ez du prozesu horren berririk izan eta hauen arabera, lehiaketa horretan parte hartu zuten kolektiboei erantzunik eman gabe eta auzokideei berri eman gabe hasi dira bertan obrak egiten. "BBK Kunak ez ditu auzoaren beharrak asetzen, proposamen horietan guztietan, justizia soziala bultzatzea zen oinarria, baita komunitatea sortzea ere."

BBK ekintzailetzak azaldu duenez, Garapen Iraunkorrerako Helburuetan ardazturiko ekimen berritzaileak sustatzeko balio izango du BBK Kuna eraikinak, "Bizkaiko erronkei heltzeko" alegia. 

Erabilgarritasun publikoa aldarrikatzeko eta nolabait auzokide guztien beharretara zuzendua izateko Bilbo Zaharreko auzokideek hainbat mobilizazio egin dituzte uztailetik gaur egunera arte, eta momentura arte "joan den astean gutun baten bidez heldu zaigun aurpegi garbiketa bat baino ez dugu jaso, hori da gaurko mobilizazioaren arrazoi nagusia". 

Eraikin historikoa

1916. urtean eraiki zuten Urazurrutia kaleko Sehaska Etxea. Garai hartan auzoko emakume langileen beharrei erantzuteko balio izan zuen bertan uzten baitzituzten haurrak hauek lanera joan bitartean.