Maria Larramendi: “Auzoa beste modu batean deskubritzeko aukera ematen du Gau Irekiak”

uriola.eus 2020ko abe. 11a, 14:12
Sarean Elkarteko kidea, Maria Larramendi

Testuinguru berrira moldatuta ospatuko dute bihar Gau Irekia jaialdiaren 9. edizioa. Sarean Elkarteko kidea den Maria Larramendirekin jaialdiaren nondik norakoen inguruan egon gara hizketan.

Larunbatean Gau Irekia ospatuko duzue Bilboko auzo garaietan. Egungo testuingurura moldatu behar izan duzue?

Bai. Gau Irekia irailean egiten den deialdi ireki batetik abiatuta sortzen da. Normalean, deialdi ireki horretan parte hartu duen pertsona orok gerora egitarauan parte hartzeko aukera izaten du. Joan den urtean 100 ekintza baino gehiago egin genituen 60 espazio ezberdinetan eta hori izan da aurtengo lehenengo moldaketa, ekintza kopurua murriztea. Hortaz, irizpide batzuetan oinarrituta aukeraketa txiki bat egin behar izan dugu eta azkenean 30 ekintza gutxi gora behera lotu ditugu.

Zeintzuk izan dira irizpide horiek?

Jaialdiaren irekitasun hori gal ez zedin, lehenik eta behin eragile lokalek proposatutako jarduerak lehenetsi ditugu. San Frantziskon, Zabalan edo Bilbo Zaharran bizi diren eragileen proposamenak besteak beste. Elkarlanetik jaiotako proposamenak ere aukeratzen saiatu gara, baita auzoan dauden beharrei erantzuten dieten jarduerak.

Osasun neurriak direla eta, kosta egin zaizue antolatzea?

Beste urte batzuetan egin izan diren ekintza batzuk bertan behera utzi behar izan ditugu osasun neurriengatik. Aforoak ere moldatu behar izan ditugu eta horrek espazioen aukeraketa prozesua erabat zaildu du. Gau Irekia edonolako espazioetan, elkarteen bulegoetan eta tabernetan antolatu izan da eta orain horietako espazio asko itxita daude.

Zerbait aldatu da?

Halabeharrez egitarau guztia egun partera pasatu dugu, ekintza guztiak arratsaldeko 20:30ean amaituko dira eta batez ere goiz eta eguerdi partean ekintza asko antolatu ditugu. Gainera publikoa duten ekintzetarako aurretiazko izen ematea egin behar izan dugu, aforoak nolabait kontrolpean izateko.

Non du jatorria Gau Irekiak?

Sarean Kultur elkartetik sortutako ekimena da Gau Irekia eta oso lotuta dago beraz Sareanen istoriara. Hamarkadetan Maria Bihotza plazan errotuta egon arren, 2008. urtetik 2015. urtera bitartean Sareanek bere espazioa galdu zuen Bilboko Udalarekin izandako tirabira batzuengatik. Espaziorik gabeko denbora hartan asanblada orokor bat deitu zen auzoan, elkarrekin proiektuak aurrera ateratzeko xedez. Bertan auzoan dauden leku eta proiektu kopuru anitza kontuan hartu eta elkarteak lokalik ez izan arren, auzoko beste espazioetan zein kalean antolatzeko ideia sortu zen, 2012. urtean.

Kultur jaialdi parte hartzaile bat aldarrikatzen duzue.

Deialdi ireki batetik sortzen da Gau Irekia. Elkarte kolektibo bat garen aldetik, aldarrikapen hori ere jaialdian islatzen da. Edonork parte hartu dezake jaialdian eta egitaraua ere modu kolektiboan eraikitzen da. Jende askok bere ekarpena egiten du abenduaren 12an gertatuko dena posible izan dadin, espazioa utziz edo ekintza proposamen bat eginez. Kultura komunitarioa edo instituzio artistiko eta kulturaletatik datozen proposamenetatik kanpo kultura oso aberatsa eta interesgarria dago inguruan eta hori kontuan hartzen saiatzen gara.

Kolektibotasun horretatik abiatuta uste duzu jaialdiak Bilboko auzo garaiak deskubritzeko aukera ematen duela?

Noski baietz. Gau Irekiaren jatorrian ere ideia hori bazegoen. Normalean ibiltzen ez garen kaleetatik ibiltzeko, ezagutzen ez ditugun txokoak ezagutzeko edota gure egunerokotasunean sartzen ez garen espazioetan sartzeko aitzakia da Gau Irekia.

Auzo hauek egunero jasaten duten estigmatizazioaz kontziente izanik, oinarrian dagoen aldarrikapenetako bat da auzo hauek duten aberastasuna. Jendeak auzoa beste modu batean deskubritzeko aukera ematen du jaialdiak, baita egunero lanean dauden eragile artistiko zein sozialak ezagutzeko.

Nori dago zuzenduta?

Alde batetik auzoko jendeari zuzenduta dago, programa osatzen duen gehiengoa auzokoa delako: bizilagunak, hemen lan egiten duten kolektibo artistikoak, eragileak… Asoziatiboki oso aberatsak diren auzoak dira San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala, mugimendu handia dago eta jendea beti dago parte hartzeko jarrerarekin. Bizilagunei eta hemen bizi eta lan egiten duten pertsonei lehentasunez begiratu arren, auzora etortzeko ohiturarik ez duen jende hori erakartzeko ere balio du, baita hirian zehar hedatu den “itxura txarreko” auzo irudi hori deuseztatu eta bizikidetza, kultura eta elkarbizitza arloan erreferente bezala aldarrikatzeko.

Nolako harrera du?

Urtero geroz eta jende gehiagok parte hartzen du deialdi irekian eta jendeak proiektuarekiko duen konpromezu horrek erakusten du jendeak jaialdia maite duela.

Egitarauari dagokionez zer eskaintza mota egingo duzue?

Goizean batez ere erakusketa eta instalazioak egongo dira, baita tailerren bat ere. Hibernandoren eskutik zuzeneko pintura izango dugu eguerdi partean eta arratsaldean arte eszenikoak antolatu ditugu hainbat espazio ezberdinetan. Xake Espazioan memoria istorikoaren inguruko proposamen bat egongo da eta Bilborocken sarrera librea duen Xatiro Raperoaren proposamena. Azken ekintza Sareanen egingo dugu, J Martinaren kontzertua.

Azpimarratuko zenuke egitarauko ekintzaren bat?

Guretzako oso zaila da aukeraketa bat egitea. Gauza askoren nahaste bat delako, baina aldi berean nahaste horrek egiten du berezi Gau Irekia.

Asteburu honetako jaialdiaz gain Luzatu Gau Irekia izeneko programa ere badago. Zertan datza?

Gau Irekian harreman eta elkarlan asko sortzen direla ikusi genuen duela hiruzpalau urte, baina denak epe laburrerako garatutako proiektuak zirela konturatu ginen. Hortaz, potentzialitate eta energia hori kontuan hartu eta baliabide eta denbora gehiagorekin proiektu sakonagoak garatzeko aukera sortu genuen Luzatu Gau Irekiaren bitartez.

Zergatik hurbildu behar da jendea Gau Irekiara?

Esparru kulturalean oso zaila izaten ari da egun proiektuak aurrera ateratzea bai hirian, baita gure testuinguruan ere. Orokorrean kaleak eta proiektuak ezagutzeko aukera polita da eta nire ustez merezi du hurbiltzeak.