Porgrama honek Mariaren Bihotza plaza kulturaren eta lankidetzaren bidez eragiteko testuingurua planteatzea du helburu, baita auzoko elkarte eta pertsonen artean lan egiteko proposamen berriak sortzea, batez ere bizitzeko erak aldatuko dituzten jarduerak zein dinamika ezberdinak sortzeko.
Hortaz, gaurtik apirilaren 24ra bitartean Plaza-n dinamikaren baitan, "Zinema plazan", "Umeak plazan", eta "Agora plazan" ekimenak egingo dira San Frantziskon.
Gaur 17:30ean umeentzako tailer zikloari hasiera emango diote, "plazaren eta auzoaren ingurunea deskubritzea" helburu duena. Bihar ordea zinema zikloa hasiko da, San Fran Zineklub eta Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteek aurkeztuko duten proiekzio batekin. Apirilaren 16an eta 23an beste bi proiekzio aurkeztuko dituzte.
Larunbatean aldiz, mahainguruen zikloa hasiko da, Teresa Villaverde auzokide eta Pikara Magazineko erredaktorearekin eta Sanfraneko Elkartasun Sareko kideekin batera. Ziklo honek auzoko gai komunei buruz modu kolektiboan hausnartzea du helburu eta larunbateko hitzaldiaz gain apirilaren 17 eta 24an ere izango dira, 12:00etatik 13:30era.